Goierri-Donostia linean zuzeneko loturak indartzeko eskatu du Legazpiko alkateak
Legazpiko bidaiariak Zumarragan maiz Donostiarako autobusa hartzera ez direla iristen esan du, eta legazpiarrentzat "zerbitzu benetan eraginkorra" eskatu du, huts egiten duten konbinazioen mende ez dagoena.
Eric Galvez Legazpiko alkateak “modu positiboan” baloratu du Goierri Donostiarekin lotzen duen GO-07 autobus linearen lehen urtea, 365.000 bidaia baino gehiago erregistratu ondoren. Hala ere, azpimarratu du “linearen arrakastak legazpiarrei eragiten dieten fidagarritasun arazoak berehala zuzentzeko” balio behar duela. Zumarragako transbordoen mende dauden erabiltzaileen zaurgarritasunaz ohartarazi du alkateak; izan ere, Legazpi eta Zumarraga arteko bidaiaren atzerapenek “bidaiariak botata geratzea” eragiten du maiz, Zumarragan orduan abiatzen delako Donostiarako autobusa, Legazpiko bidaiariei itxaron gabe.
“Herritarrek garraio publikoan konfiantza izatea nahi badugu, ezin dugu onartu ikasle bat edo langile bat Zumarragan galduta geratzea bigarren autobusak itxaroten ez duelako”, adierazi du. Sinkronizazio falta horrek “zerbitzua erabiltzera gogogabetzen duen segurtasun falta” sortzen duela esan du, eta hori dela eta, konfiantza sortzeko “behin betiko irtenbide bakarra” Legazpiko zuzeneko loturak indartzea dela azpimarratu du. “Maiztasunak areagotu egin behar dira, eta erabiltzailea huts egiten duten konbinazioen mende egotea saihestu behar da”.
Alkateak nabarmendu duenez, gaur egun egunean bi irteera eta bi itzulera soilik izan arren, “Legazpiko erantzuna handia da”. Erabiltzaile talde baten adibidea jarri du, EHUko Ikasle Kontseiluak emandako informazioan oinarrituta: Legazpitik gutxienez 48 ikasle irteten dira Ibaetako campusera. Horiei, beste ikastetxe batzuetara doazenak, hiriburura lanera doazenak edo beste zeregin batzuengatik bidaiatzen duten legazpiarrak gehitu behar zaizkie. “Datu horiek frogatzen dute Legazpi ez dela eranskin bat, baizik eta hazkunde-marjina argia duen benetako erabiltzaile-oinarria”, beti ere, “gure beharren mailako zerbitzua eskaintzen bazaigu”.
Azkenik, alkateak berretsi du Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuarekin lankidetzan aritzeko “prestutasun” osoa duela, lineak lehendik erakutsi duen potentziala aprobetxatzeko. Administrazio eskudunari eskatu dio “beste urrats bat” emateko, eta GO-07 linea “Legazpirako zerbitzu benetan eraginkorra” bihurtzeko, “beste geltoki batzuetako kanpo-faktoreen mende egongo ez diren ibilbide zuzen eta fidagarrietan oinarrituta”.













