Legazpiko Udalak herriko lorategietako neguko loreak banatuko ditu herritarren artean
Loreetako bat nahi duenak astelehenean, maiatzaren 11n, udaletxeko sarrerara joan beharko du bila, 12:00etan. Violak, primulak, erysimum eta tulipan sibuluak banatuko dituzte.
Legazpiko Udaleko lorezaintzako langileak hasi dira lorategietako landareak berritzen udari begira, eta lore horiek zakarrontzira bota beharrean, herritarren artean doan banatuko ditu. Honela, landareei beste bizi aukera bat emango diete, eta herrian hondakin gutxiago sortuko dira. Beraz, neguko denboraldian herria apaindu duten loreak herritarren etxeetara eta balkoietara igaroko dira orain, inolako kosturik gabe.
Banaketa datorren astelehenean egingo da, maiatzak 11, 12:00etan hasita, Euskal Herria plazan, udaletxeko sarreran. Eguraldi txarra eginez gero, ekimena Azokan egingo da. Landareak eramateko poltsa edo ontzia eraman beharko da.
Violak, primulak, erysimum eta tulipan sibuluak
Astelehenean banatuko dituzten landareen artean violak edo pentsamenduak daude. biziko loreak dira, eta erraz egokitzen dira barruko zein kanpoko ontzietara.
Horiekin batera, primulak ere banatuko dituzte. Lore hauek negu amaierako lehenetarikoak izaten dira loratzen, eta zaintza gutxi behar dute indartsu mantentzeko.
Beste espezie berezi bat Erysimum edo heskai-mostaza da, lore hori txikidun landare liraina. Bitxikeria gisa, abeslariek ahotsa indartzeko erabiltzen zutela esaten da, eta sukaldean ere erabili izan da haziak gaztari puntu pikantea emateko.
Azkenik, tulipan-sibuluak ere jasotzeko aukera egongo da. Behin lorea galduta, sibilu edo patata hauek leku lehor eta ilun batean gorde daitezke hurrengo urtean berriro landatzeko.












