Ordizia Euskal Herriko garagardo ekoizleen topaleku
Emaneurrek antolatu du IX. Euskal Herriko artisau garagardo azoka eta txapelketa. Hamalau garagardo izango izango dira, baita jana, ikuskizunak eta zuzeneko musika ere.
Euskal Herriko artisau garagardo azoka antolatu du Emaneurrek, bederatzigarrenez. 2015. urtean antolatu zuten aurrenekoz, besteen artean, Euskal Herriko garagardoak ezagutarazteko zein bertako garagardo ekoizleen topaleku izateko asmoz. Atzo eta gaur dastaketak egin ondoren, bihar, lehiaketaren eta azokaren txanda izango da. Zentzu horretan, Euskal Herrian ekoitzitako garagardoen erakusleiho izango da beste urtebetez dagoeneko erreferente bilakatu den Ordiziako Plaza Nagusiko garagardotegi erraldoia.
Hamalau ekoizle
Aurtengoan, aurreko urtetan bezelaxe, garagardo ekoizleek zuzenean eskeiniko dute eurek ekoitzitako garagardoa, salmenta zuzenarekin. Guztira, hamalau garagardo izango dira, eta iturritik edo etxera eramateko boteila zein latatan eskuratzeko aukera egongo da -edalontziak antolakuntzaren esku-: Basabe (Legorreta), Kaneta (Hendaia), Baobeer (Elgeta), Iparra (Tolosa), Gross (Donostia), Atala (Burlata), Scimmia (Gasteiz), Garagart (Gasteiz), Brewewry land (Zumaia), Versum (Irun), Gerrigardo (Eskoriatza), Tensina (Jaka), Blas tito (Gorliz) eta Zampano (Aizarnazabal). Ekoizle bakoitzak garagardo bat aurkeztuko du txapelketara, nahi duen kolore eta estilokoa, eta epaimahaiak Euskal Herriko garagardorik onena aukeratuko du, ikusmena, usaimena eta dastamena kontuan hartuta. Mikel Olabek, Leire Arandiak, Jon Villarrek, Bergarak, Asegik eta Josuk osatuko dute aurtengo epaimahaia.
Jana eta musika ere bai
Garagardoaz gain, jatekoa ere egongo da: txerria burruntzian, kroketak, Lazkaoko taloak -egun osoan zehar-, Dona doni izozki artisauak eta Artzabaltzako ogi artisaua -10:00etatik aurrera erosteko aukera-.
Doinuak ere ez dira faltako, eta plaza girotzeko musika ekitaldi nabarmen izango dira, adin tarte guztietara egokituak. Zuzeneko musikari dagokionez, Broken Brothers Brass Band txaranga iruindarra eta Joseto Ta Alaiak elektrotxaranga urretxuarra izango dira. Iruindarrek funk, gospel eta jazz modernoa ukitzen dute, inprobisazio kolektiboa ezaugarri nagusitzat hartuta, eta urretxuarrek, berriz, euskal musika, trikitia, rocka eta giroak eskatzen duen oro. Etxeko txikienek ere izango dute zer ikusi, Pontx pailazoa izango baita, eta haurrei zein familiei zuzendutako ikuskizuna eskainiko du.
EGITARAUA
Goizez (11:00-14:30)
- 11:00: Irekiera.
- 11:30: Txapelketa.
- 12:00: Pontx pailazoa
- 14:00: Lehiaketako sari banaketa
- 14:30: Goizekoaren itxiera
Arratsaldez (17:00-00:00)
- 17:00: Arratsaldekoaren irekiera
- 18:30: Broken Brothers Brass Band
- 20:30: Joseto Ta Alaiak elektrotxaranga
- 23:00: Zozketa
- 23:15: Toka txapelketa
- 23:45: Espuela
- 00:00: Itxiera













