Kilometroak jaiaren sortzaileak omendu dituzte Lazkaon
Kilometroen ideia AEBetatik Goierrira ekarri zuen Josu Erguin beasaindarrari, eta garaiko ikastolako batzordekide eta irakasleei aitortza egin diete Lazkaoko Ikastolan, jaiaren 50. edizioaren atarian.
Kilometroak jaiaren sortzaileei omenaldia egin diete gaur Lazkaon. Irudian, bukaerako taldeko argazkian. Iñaki Gurrutxaga Lazkaoko ikastolak antolatuko du urriaren 4an Kilometroak jaiaren 50. edizioa Ibilian-ibilian, buelta! lemapean, eta data seinalatu horren atarian, 1977an Beasain eta Lazkaon artean egin zen Kilometroak jaiaren lehen edizioan antolakuntzan ibili zirenak omendu ditu gaur. Ikastola atarian plaka bat ere jarri dute ibilbidearen hasiera bertan izan zela gogoratzeko.
Jon Martinez Lazkaoko Ikastolako zuzendaria aurkezle eta gidari dela egin dute omenaldi ekitaldia. Alde batean, Josu Erguin beasaindarra, Kilometroak jaiaren bultzatzaile eta sustatzailea, eta haren ondoan, orduan ikastolako batzordekide ziren Inaxio Sarriegi edo Joseba Urdangarin, eta antolaketan ikastolan lanean aritu ziren Mari Karmen Eizagirre, Maria Pilar Eizagirre , Maritxu Dorronsoro, Kari Eztala, Arantza Arratibel, Mari Karmen Urdangarin edo Luis Mari Aldanondo andereño eta irakasleak. Garai hartako ikasleen ordezkari gisa, Argider Agirrek eta Susana Alarciak hartu dute parte omenaldian.
Beste aldean, erakundeetako eta ikastoletako ordezkariak izan dira, tartean, Irune Berasaluze Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea, Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaria, Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkatea eta Leire Artola Beasaingo alkatea. Haien ondoan izan da Aitor Elizaran Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakaria. Hura izan da hitza hartzen lehena.
Ikastolen aldeko aldarria
Irantzu Amundarain Lazkaoko Ikastolako lehendakaria gogoan izan du Kilometroak jaiaren sorreratik gaur egun arte egin duen ibilbidea, eta gainditu behar izan dituzte oztopoak. Eta esker bereziak eman dizkie urte hauetan guztietan, ikastolen alde, Kilometroak antolatzen, boluntario, ibili diren guztiei eta aurtengo Kilometroen inguruan argi esan du: “Kilometroak ez da jai soil bat, komunitatea eraikitzeko tresna izango da”.
1977ko Kilometroak izan zen lehen hazia; gerora etorri ziren Ibilaldia, Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez edo Herri Urrats ikastolen aldeko jaiak. “Garaiak aldatu dira” nabarmendu du Irantzu Amundarain, Lazkaoko ikastolako lehendakariak, “baina euskara jasaten ari den eraso etengabeen aurrean, ikastolen garrantzia aldarrikatu nahi dut”. Amundarainek gogoratu du Nafarroan, itunpeko ikastetxeetan,- tartean ikastoletan-, 14 ikasgela itxiko dituela Gobernuak; Iparralden ere hainbat gaztek desobedientziara joko dutela baxoa proban matematikako azterketak euskaraz erantzunez, eta haiei atxikimendua erakustearekin batera, “ikastolen garrantzia” nabarmendu du.
Hitzartzearen ondoren, lore sorta bana eman diete omenduei Amundarainek berak eta Xeber Maiza 2026ko Kilometroak jaiaren antolatzaileak.
Kilometroen bultzatzaileei omenaldia
Josu Erguin igo da jarraian oholtzara, eta hari ere opari bat eman diote ikastolako ordezkariek. Beasaindarrari bururatu zitzaion lehenengo Kilometroak hura antolatzea, artean Beasaingo Alkartasuna Lizeoko guraso zela. Amerikako Estatu Batuetan ikusi zuen antzeko jaialdi bat, eta hona ekartzea proposatu zuen. Ikastolen alde dirua biltzeko 6 kilometroko zirkuitu bat prestatu zuten Lazkao eta Beasain artean; zenbat eta itzuli gehiago egin, orduan eta diru gehiago emango zuten enpresek eta erakundeek ikastolei laguntzeko. “Babesleen eskutik 3, 5… pezeta jasoko zituzten zirkuituan egiten zuten itzuli bakoitzeko”, gogoratu du Erguinek. Ordukoak sekulako arrakasta izan zuen, 15.000 lagun batu zituen zirkuitu hartan, tartean Mikel Laboa edo Joxemiel Barandiaran. Erguinek azaldu du orduan erabaki zutela “ikastolen elkarteari ideia uztea, frankizia modura, gainontzeko ikastolek ere erabili zezaten. 77ko Kilometroak hura izan zen ibilbidearen hasiera” gaineratu du.

Lehen Kilometroak jaien antolaketa lanetan ari ziren irakasle eta guraso ordezkariak, gaur, Lazkaon.Iñaki Gurrutxaga
Ordezkariek publikoen esanak
Irune Berasaluze Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaleak balioan jarri du “Kilometroak bezalako ideia batek garai hartan euskarak bizi zuen putzu ilunari jarri zion argi izpia”. Berasaluzek esan du “orain ere euskarak ez duela momentu erraza bizi, eta ahalegina egin behar dela, atzerapausorik egon ez dadin”. Aldundiko bozeramaleak azpimarratu du “euskara gure hizkuntza dela, eta euskaraz bizitzeko eskubidea dugula, kilometroz kilometro jarraitu behar dugula bide hori egiten.”
Beasaingo alkate Leire Artolak eskertu egin du herrikide zuen Josu Erguinen lana. “Zure uste sendoei esker konbentzitu zenituen ingurukoak”, eskertu dio Erguini, eta hark egindako balioetsi du: “Ideia hura partekatzea, eskuzabaltasun hura, herri ikuspegia izatea, izan zen Josu Erguinen baliorik handiena”.
Lazkaoko alkate Kepa Zubiarrain Lazkaoko ikastolako ikaslea zen garai hartan: gogoratu du andereño zuen Maria Pilar Eizagirrek nola kontatu zien lehen Kilometroak hura ospatuko zela, eta “zenbateko poz eta aztoramendua” eragin zituen albiste hark. Kilometroak hartan lanean ibili ziren guztiei eskertu die Zubiarrainek: “Elkarrekin, indarrak metaturik, lortu dugu hau guztia, auzolanean, herrigintzan”. Aurten Lazkaon ospatuko da Kilometroak. “Ez da helmuga, bidean egiten den geldialdia baizik, eta geldialdi hau baliatu nahi dut, euskararen alde lan egin duzuen guztiei eskerrak emateko” gaineratu du.
Ikastolaren atariko eskaileretan taldeko argazki atera ondoren bukatu da ekitaldia. Ondoren hamaiketakoa egin dute.
ARGAZKIAK ETA BIDEOA: Iñaki Gurrutxaga
Gipuzkoako ikastolen arteko hausnarketa foroa
Omenaldi ekitaldiaren aurretik, Gipuzkoako ikastolen arteko hausnarketa foroa egin dute Lazkaon bertan; Gipuzkoako 17 ikastoletako 30 ordezkari izan dira ikastolen eta ikastolen inguruko jaien etorkizunaz hausnarketan. Bertatik ateratako ondorio nagusiak azpimarratu ditu Aitor Elizaran Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak. Gipuzkoako ikastolen izenean, elkartasuna erakutsi die bai Nafarroko zein Iparraldeko ikastoletako kideei. “Euskara eta euskal kultura egoera larrian daude eta euskarak hainbat baliabide behar ditu biziraute. Ikastolak herrigintzan zein euskal kultura sustatzeko benetako motorrak izan dira”.
Aisialdiaren baitan, Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak “sormena eta poztasunaren premia azpimarratu ditu, euskara bizitzen ari den egoerari aurre egiteko”, eta zentzu horretan jaiaren aldarria egin du, baina zehaztuz “euskal adjektiboa gehitzea ez dela nahikoa gunea euskalduna izan dadin, euskara eta euskal kultura ardatz dituzten jaietan modu kontzientean planifikatu behar dela hizkuntzaren erabilera”.
Amaitzeko Elizaranek balioa eman dio “ikastolek ikasle euskaldunak hezteko egiten duten ekarpenari”, baina nabarmendu du euskara ezagutzearekin batera, ezinbestekoa dela kontzientzia hartu dezatela euskararen alde lan egiteko.












