Jai giroan eman diete amaiera Lazkaomendiko festei
Goizeko ekintzen ostean, aizkolari, bertsolari eta trikitilarien emanaldia egin dute arratsaldean.
Lazkaomendiko festek pasa den asteburuan hartu zieten erreleboa San Prudentzio jaiei, eta gaur, bigarren asteburuarekin batera, agurtuko dituzte Lazkaomendikoak. Goizean Lazkaotik Lazkaomendirako ibilaldi neurtua egin dute ikastolako gaztetxoek, eta jarraian, Lartxai elkartean eta Ixurrene tabernan haurren jolasak egin dituzte, Oin Arin eta Lazkao Txiki Musika Eskolako trikitilariek lagunduta.
Arratsaldean ere jarraipena izan du festak: 16:30ean Thor magoaren ikuskizuna egin dute, eta 18:00etan, aizkolari, bertsolari eta trikitilarien emanaldia egin dute. Haritz Goena eta Joanes Izagirre aizkoran aritu dira; bertsotan Iban Urdangarin eta Iker Zubeldia; eta trikitia jotzen, berriz, Gari Lizarraga eta Iñaki Larrañaga.
Eguerdiko euri jasaren ondoren, atertu eta eguzkia agertu da zeruan, arratsaldeko saiorako giro paregabea sortuz. Jende ugari hurbildu da festaz eta giroaz gozatzera.












