Kapela dantza, Santikutz jaietako beste tradizio bat
Sustraiak taldeko dantzariek eta lagunek, eta Goiz Deia bandako txistulariek bat egin zuten larunbat eguerdian soka dantzaren bertsio jostagarria kalez kale eskaintzeko.
Sustraiak dantza taldeak eta Goiz Deia txistulari bandak Santikutz jaietako beste tradizio batekin bete zuten larunbat eguerdian, kapela dantza kalera aterata. Soka dantzaren bertsio jostagarria edo herrikoia da kapela dantza, eta partaideek daramaten lastozko kapela da bere adierazle nagusia.
Sustraiak taldeko dantzariak eta horrek emandako ikastaroan parte hartutako herritarrak eguerdia baino lehen elkartu ziren, hamaiketakoa elkarrekin egiteko, eta plazara abiatu ziren ondoren, udaletxe aurrean kapela dantza horren lehen saioa egiteko. Gero, kalez kale ibili ziren dantzan eguraldia lagun, eta bazkari batekin eman zioten amaiera jardunari.
ARGAZKIAK: Gorka Gomez















