Legazpi, 155 judoka infantilen topaleku
Judo Legazpi klubak antolatuta, larunbatean nazioarte mailako txapelketa bat jokatu zen Urbeltz pilotalekuan. Hiru domina irabazi zuten legazpiarrek.
Euskal Herriko, Errioxa, Kantabria eta Aragoiko (Espainia) eta Andorrako judoka gazteen topagune bihurtu zen Urbeltz pilotalekua larunbatean, Judo Legazpi klubak antolatutako infantil mailako Legazpi Herria nazioarteko txapelketaren aitzakian. Guztira 35 klubetako 155 judoka izan ziren lehian txapelketaren bosgarren edizio honetan, eta horien familiakoak eta gertukoak batuta, 400dik gora lagun elkartu ziren kirol jarduera honen inguruan.
Judo Legazpik kadeteen mailako txapelketa egin zuen martxoan, eta oraingoa infantil mailakoa zen, 2012an eta 2013an jaiotakoena. Legazpiarrak ere izan ziren lehian: Adriana Real, Ibon Betolaza, Pawel Walczyk, Aimar Kortaberria, Amets Sagastume, Andoni Suarez, Iker Gonzalez, Julen eta Leire Gutierrez, Joan Castell, Irati Ezpeleta eta Urtzi Lantada. Adrianak eta Ibonek urrea irabazi zuten, eta Pawelek brontzea. Beste partaideak ere ondo ibili ziren, baina ez zuten dominarik lortu.
Klubeko arduradunak “oso pozik” daude etxekoen emaitzekin, eta txapelketaren bilakaerarekin. “Dena oso ondo atera zen, eta jendea oso gustura geratu zen”. Gainera, oso eskertuta daude udalarekin Urbeltz erabiltzen uzteagatik, eta babesle eta laguntzaile guztiekin, besteak beste Kukue eta Goiherri tabernekin, Sustrai fruta dendekin, eta Aitxuri jatetxearekin.
Edizio “arrakastatsu” hau amaituta, hurrengoan dute begia jarrita dagoeneko.













