Zegama aurrera Herriartekoan; Lazkao eta Zumarraga, kanporatuta
Erremintan, Olaberriak bi partidak irabazi dizkio Azpeitiari joanekoan. Zaldibiak datorren asteburuan ekingo dio txapelketari, Albizturren aurka, eskuz.
Hamahiru pilotariko taldea aurkeztu du Zaldibiak 2026ko Herriartekora. Gaztelupe Maiatzeko lehen asteburuan abiatu zen Gipuzkoako Herriarteko pilota txapelketa, eskuzko eta gomazko paletako modalitateetan.
Zegama da orduan lehian hasi ziren herrien artean kanporaketa gainditu duen bakarra. Antzuola hartu du mendean. Zegaman kadete eta gazte mailako partidak irabazi zituzten, eta joan den igandean gauza bera gertatu zen Antzuolan. Hortaz, 4-2ko emaitzarekin aurrera. Final zortzirenetan Azkoitiaren aurka jokatu beharko dute.
Lazkaoko Joxemiel Barandiaran jokatu zituzten atzo Lazkaok eta Amezketak itzuliko partidak. Amezketan bezalaxe, lazkaotarrak kadeteetako partidan soilik nagusitu dira, eta txapelketatik kanpo geratu dira (2-4).
Zumarragako taldeak ere ezin izan du gomazko paletako herriarteko txapelketako lehen kanporaketa gainditu. Tolosaren aurka jokatu du. Joaneko partidak Zumarragan jokatu ziren eta zumarragarrak bi eta bat nagusitu ziren. Baina itzuleran zumarragarrek 2 eta 1 galdu dute. Tolosarrek tanto gehiago egin dituzte eta, beraz, kanporaketa gainditu dute.
Olaberriak bitik bi erremintan
Olaberriak bikain ekin dio txapelketari, bitik bi partidak irabazi baitizkio Azpeitiari. Larruzko paletan 35-32 irabazi diete Garrido-Soberonek azpeitiarrei, eta pala motzean 40-29 nagusitu dira Olaran eta Naldaiz. Datorren asteburuan jokatuko dituzte itzulikoak Azpeitian.
Zaldibiak Albiztur aurkari
Zaldibiak final zortzirenetan ekingo dio txapelketari datorren asteburuan. Astigarraga tanto aldeengatik gainditu duen Albiztur izango du aurkari. Joanekoak Mendikute frontoian jokatuko dituzte, eta itzulikoak Zaldibiako Restin, maiatzaren 22an.












