Herriarteko pilota txapelketaren kanporaketak, zehaztuta
Bart egin dituzte zozketak Donostiako Kirol Etxean. Eskuz Goierriko hiru herri ariko dira, erremintaz beste hiru eta gomazko paletarekin bakarra.
Gipuzkoako Herriartekoan lehiatuko diren herrietako ordezkariak, atzo iluntzean, Donostiako Kirol Etxean. GEPF Dagoeneko jakina da zein herriren arteko neurketek emango dioten hasiera maiatzeko lehen asteburuan Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa. Goierriko sei herrik hartuko dute parte: eskuz, Lazkaok, Zaldibiak eta Zegamak; erremintaz, Lazkaok, Olaberriak eta Ordiziak; eta gomazko paletarekin Zumarragak.
Eskuz, final-hamaseirenetatik hasita
24 herrik eman dute izena eskuzko lehian –iazko baino hiru gehiagok–, eta final-hamaseirenak dira jokatu dituzten lehen kanporaketak.
Lazkaok, esaterako, Amezketaren aurka neurtuko dira indarrak (itzuliko partidak etxean, maiatzeko bigarren asteburuan), eta Zegamak Antzuola izango du aurkari (joaneko partidak etxean, maiatzeko lehen asteburuan). Koadro berean egokitu dira bi herriak, eta elkarren aurka jokatzekotan, finalerdietan behar luke izan.
Lazkaok 16 aldiz parte hartu du Herriartekoan –aurtengoa zenbatuta–, eta iaz atera lortu zuen berriz taldea ateratzea 6 urteko hutsunearen ondoren. Zegamak zazpigarren parte-hartzea du, eta iaz osatu zuen berriz taldea 17 urte eta gero.
Zaldibia, aldiz, final-zortzirenetan sartuko da txapelketan, eta Albiztur edo Astigarraga izango du aurkari. Lehen partidak kanpoan jokatu beharko lituzke (maiatzak 15-17 asteburuan), eta itzulikoak etxean (maiatzak 22-24). Goiko koadroan da Zaldibia, eta Hernani, Azpeitia, Oiartzun eta Azkoitia saihestu ditu. Zaldibiak 27. aldia du Herriartekoan, eta azken 5 urteetan osatu du taldea. 2024an txapeldunorde atera zen.
Finala ekainaren 28an jokatuko da.

Erremintaz, final zortzirenetan
Hamar herriko ariko dira larruzko paleta eta pala motzez –lau gehiago aurten–. Goierritarren artean, Olaberria izango da hasten lehena, final-zortzirenetan, Azpeitiaren aurka –joaneko partidak etxean, itzulikoak kanpoan–. Sailkatuz gero, Donostia izango du aurkari final-laurdenetan.
Ordiziak eta Lazkaok final-laurdenetan ekingo diote txapelketaren bideari, maiatzaren 22-24ko asteburuan. Lehenak Andoain izango du aurkari, eta bigarrenak Debak. Hauek ere etxean dituzte lehen partidak, eta itzulikoak kanpoan.
Olaberria 26. aldiz ariko da Herriartekoan, eta 3 urteko hutsunearen ondoren berriz itzuli da lehiara. Sei aldiz atera da txapeldun, eta bitan txapeldunorde.
Ordizia da Goierriko herrien artean parte-hartze gehien dituen herria –35.a aurtengoarekin–, eta 1991tik huts egin gabe aritu da. Behin txapeldun izana da, eta bitan azpitxapeldun.
Lazkaok 13. aldia du, eta 5 urtean kale egin eta gero, aurten taldea osatzeko moduan izan da.
Finala ekainaren 21ean jokatuko da.

Zumarraga, final-hamaseirenetan
Hemezortzi herri lehiatuko dira gomazko paletaz –iaz baino lau gehiago–, eta Zumarragako izango da Goierriko ordezkari bakarra. Final-hamaseirenetan ekingo dio bideari, Tolosaren aurka. Lehen partidak han jokatuko dira, itzulikoak etxean.
Zumarragak zazpigarren parte-hartzea du, azkeneneko 6 urteetan jarraian.
Finala ekainaren 28an jokatuko da.














