Zurutuza Renom ahizpak eta Xabi Unamuno, minbiziaren aurkako lasterketaren podiumean
Iratik lehen postua egin du emakumezkoetan, eta Mikelek hirugarrena; Unamuno bigarrena izan da gizonezkoetan. Hirurak legazpiarrak dira.
Irati eta Mikele Zurutuza Renom ahizpak podiumean, Maite Arraizarekin batera.Goierriko Hitza Hiru korrikalari legazpiar podiumera igo ziren atzo Donostian, Minbiziaren Aurkako Lasterketan. Bost kilometroko ibilbidearekin, Alderdi Ederren hasi eta bukatu zen proba, besteak beste Kursaal, Askatasunaren ibilbidea, Antiguako tunela eta Kontxako Paseoa zeharkatuta.
Irati eta Mikele Zurutuza Renom ahizpak izan ziren podiuma egin zuten legazpiar horietako bi. Iratik proba irabazi zuen, 17:58ko denbora eginez, eta Mikele hirugarrena izan zen, 19:52rekin. Bien artean Maite Arraiza sailkatu zen, 18:30 eginda.
Gizonezkoetan Xabi Unamuno legazpiarrak bigarren egin zuen, 16:44ko denborarekin; lehena Jokin Bellido izan zen (16:01), eta Sergio Roman hirugarrena. (16:48)
Handbike modalitatean, berriz, Jon Galarragak irabazi zuen, eta 23 urtez azpikoetan, Paule Amilibia eta Jon Otegi izan ziren irabazleak.
Donostiako Minbiziaren Aurkako Lasterketaren hamabigarren edizioa izan zen atzokoa, eta 2.501 partaide izan zituen. Lasterketaren ondoren, oinez zein martxa nordikoan egin zitekeen ibilaldia egin zuten, 3 kilometrokoa, eta horretan 1.125 partaide izan ziren.












