CAF Beasaingo, Irungo eta Madrilgo batzordeek aurreakordioa lortu dute
ELAren ustez, aurreakordioak "aurrerapen handiak" jasotzen ditu hainbat arlotan. 3 urteko indarraldia izango luke, 2026ko urtarrilaren 1etik 2028ko abenduaren 31ra arte.
CAFeko langileak Beasaingo lantegian.ELA ELA sindikatuak hedabideetara helarazitako ohar batean jakinarazi duenez, CAF Beasaingo, Irungo eta Madrilgo enpresa batzordeek –BIMen barruan– aurreakordio bat lortu dute CAFeko zuzendaritzarekin hitzarmen kolektiboa berritzeko.
Aurreakordioak 3 urteko indarraldia izango luke, 2026ko urtarrilaren 1etik 2028ko abenduaren 31ra arte, eta Beasain, Irun eta Madrilgo zentroetan aplikatuko litzateke. Lortutako aurreakordioak, ELAren esanetan, “aurrerapen handiak” jasotzen ditu hainbat arlotan: enplegua, soldata igoerak, lanaldia parekatzea, antzinatasuna, laugarren erreleboa, lizentziak, joan-etorriak eta dietak.
Eduki nagusien artean hauek aipatu ditu: 2026an %3,15eko soldata igoera, EAEko KPIa + %0,50 2027an eta EAEko KPIa + %0,75 2028an, hitzarmenaren indarraldi osoan KPIaren gaineko igoerak bermatuz.
Enpleguari dagokionez, 190 kontratazio finko aurreikusten ditu obreroen kolektiboan, 150 Beasainen –40 kontratazio 3. dibisiorako– eta 40 Irunen, eta 11 kontratazio finko enplegatuen kolektiboan.
Akordioaren arabera, Beasaingo eta Irungo tituludunen lanaldia gainerako langileenarekin parekatuko da ELAk azaldu duenez: “1.592,5 ordukoa izango baita urtean. Horrez gain, laugarren erreleborako 8 orduko murrizketa egingo da urtean, eta lanaldia 1.584,5 ordukoa izango da 2027 eta 2028rako”.
Antzinatasunean egindako aurrerapenak ere jasotzen ditu: lizentzietan egindako hobekuntzak, hala nola gurasoen edo anai-arreben heriotzagatik 2 eta 3 egun baliodun igarotzea; mediku kontsultetan egindako hobekuntza; nazioarteko joan-etorrietan egindako aurrerapenak, borondatezkoak ez diren bidaietan egindako bi hilabete jarraitura mugatuz; eta CAFeko langile guztientzako dieten parekatzea.
1965ean, 1966an eta 1967an jaiotako pertsonentzako errelebo-kontratuaren aplikazioa ere mantenduko litzateke.
Maiatzaren 14an bozkatuko dute
ELAk “positibotzat” jotzen du aurreakordioa: “Gure ustez, ELAk negoziazioan eskatzen dituen aldarrikapen garrantzitsuak jasotzen ditu, besteak beste, enpleguaren, tituludunen lanaldia parekatzearen, antzinatasunaren, laugarren erreleborako lanaldi murrizketaren, lizentzien, joan-etorrien, dieten eta soldaten arloan”.
Maiatzaren 13ko –biharko– ELAko afiliatuen asanbladan berretsi beharko dute aurreakordioa, “ELAren bermea izateko”, eta ondoren Beasain, Irun eta Madrilgo langile guztiek bozkatuko dute maiatzaren 14an, ostegunean.












