Legazpin erabakiko da gazteen gipuzkoar erako aurresku txapelketetako bat
Azokan jokatuko da larunbatean D saileko txapelketa. Sustraiak dantza taldeko bost dantzari arituko dira lehian. Beste bi txapelketak, A eta B sailekoak, hurrengo asteburuan dira, Errenterian, eta horretan beste bi legazpiarrek parte hartuko dute.
Dantza eguna izango da larunbata Legazpin, Gipuzkoar erako aurreskuaren gaztetxoen txapelketa nagusietako bat jokatuko delako bertan. Azokan izango da, 17:00etatik aurrera, Sustraiak dantza taldeak udalaren laguntzaz antolatuta. Goiz Deia txistulari bandak jarriko die musika lehiakideen jardunari.
Legazpikoa D mailako dantzarien txapelketa izango da, 2011n eta 2012an jaiotakoena, eta bertan hainbat legazpiar izango dira lehian: Alaitz Agirre Arruebarrena, Araitz Berasategi Armendariz, Jon Alberdi Garde, June Osinalde Mendiola eta Nora Escudero Mujika. Guztiak Sustraiak taldeko kideak dira.
Beste txapelketa bat ere izango da, A eta B sailekoena, hau 2013 eta 2018 urte bitartean jaiotakoena. Errenterian jokatuko da, maiatzaren 24an, 11:00etan hasita, Niessen kultur aretoan. Hor ere parte hartuko dute dantzari goierritar gehiagok, eta bi legazpiar, bi legorretar eta ataundar bat izango dira lehian.
Urtarrilaren 10ean Legazpin hasi zen txapelketa hauetarako sailkapen ligaxka, eta apirilaren 19an amaitu zen. Bi txapelketetan parte hartuko duten legazpiar horiez gain, Araitz Mantxola Gabiria, Mikele Balenciaga Vaz eta Nora Lafuente Arizti ere izan dira ligaxkan parte hartzen, baina ez dute lortu azken saiorako txartela.
Legazpiko saioa
Larunbateko Legazpiko saioan hamasei dantzarik parte hartuko dute, eta bi pieza dantzatu beharko dituzte hasteko: Graziana eta Desafioa edo Aurkez Aurkez. Epaileen puntuaziorik altuena jasotzen duten sei dantzariak sailkatuko dira finalerako, eta horiek Legazpi Zortzikoa dantzatu beharko dute. Hauek dira dantzariak, eta hurrenkera honetan egingo dute dantza:
1. Aiara Aburuza Arretxe ADUNA
2 Nere Sarasola Tejeria ZIZURKIL
3 Maddi Arrastoa Arotzena VILLABONA
4 Izadi Arbelaitz Oliveri ERRENTERIA
5 Araitz Berasategi Armendariz LEGAZPI
6 Mairi Maya Castaño ERRENTERIA
7 Alaitz Agirre Arruebarrena LEGAZPI
8 June Osinalde Mendiola LEGAZPI
9 Ixone Lorenzo Vergara LEZO
10 Nora Escudero Mujika LEGAZPI
11 June Aguado Peña VILLABONA
12 Intzara Gurrutxaga Olazabal ARESO
13 Luka Serrano Sanchez LEZO
14 Jon Alberdi Garde LEGAZPI
15 Nora Davila Arin ZIZURKIL
16 Amets Lizeaga Garcia LASARTE-ORIA
Epaimahaia Gipuzkoako Dantzarien Biltzarrak izendatu du, eta Idoia Besadak (Pasaia), Jose Luis Vallejok (Tolosa)
eta Nagore Indakoetxeak (Errenteria) osatuko dute. Horiek guztiek erabakia hartzen duten bitartean, Sustraiak taldeko gaztetxoek erakustaldia egingo dute, Makil Handi eta Uztai Txiki dantzak eginez.
Irabazleak buruzagi makila eta garaikurra jasoko ditu, hurrengo bost sailkatuek trofeoa, eta gainontzeko dantzariek, oroigarria. Gainera, irabazlearen irakasleari oroigarria emango diote, jantzi egokienarentzako saria ere izango da, eta ongien sailkatutako Legazpiko dantzariak oroigarri bat jasoko du. D saileko ligaxka irabazi duen Ixone Lorenzo Vergara lezoarrarentzat ere izango da oroigarria.
Errenterian, bost goierritar
Dantzari gazteenek hurrengo asteko igandean izango dute hitzordua txapelketarekin Errenterian, Niessen aretoan, 11:00etan, eta hor beste bi legazpiar izango dira: Sara Escudero Mujika A sailean eta Yisha Wang Xu B sailean.
Goierritar gehiagok ere parte hartuko dute txapelketa horretan. A sailean Legorretako Eider Illarreta Lopez eta Laia Illarreta Lopez arituko dira, eta B sailean Haizea Arin Conde.

Gaur aurkeztu dituzte aurresku txapelketak, Errenterian.












