San Joan bezperako arma alardean parte hartzeko deia
Legazpiko Udala ireki du izena emateko epea. Azken urteetan partaidetza jaitsi dela eta, tradizio hori bizirik mantentzeko ahalegina egiteko eskatu die herritarrei. Alardeari buruzko informazioa helarazi du herriko etxe guztietara.
Legazpiko San Joan bezperako armen alardean parte hartzeko izen-ematea irekita dago. Udalak parte hartzeko dei berezia egin die aurten legazpiarrei, azken urteetan indarra galtzen joan delako tradizio hori.
Herritarren partaidetza bultzatzeko asmoz, alardearen historia jasotzen duen informazio orria banatu du etxe guztietan. Bertan jasotzen denez, Legazpiko armen alardearen lehen arrastoak 1506 urtekoak dira, Seguraren menpe zegoen garaikoa. Legazpin egindako lehen alardeak, aldiz, XVI. mende amaierakoak dira. Urte askotan egin eta gero, XIX mendean egiteari utzi zitzaion, eta ez zen 1994ra arte berreskuratu, Kilometroak festaren harira, hain zuzen. Orduan hartu zuen gaur egun duen konfigurazioa: konpainiak, alkatearen buruzagitza, txilibitu joleak, banderak, zaldizkoak…
Alardean parte hartu nahi duenak hilaren 29ra arte du izena emateko aukera Kultur Etxeko harreran, edo udalaren www.legazpi.eus webgunean. Eskopetari, txilibitu jotzaile zein figurante moduan parte hartu daiteke.
Eskopetariak eta txilibiteroak
Aurtengo alardean 80 eskopetarik parte hartu ahal izango dute, eta guztiek udalak utzitako salbazko eskopetak erabiliko dituzte, debekatuta baitago ehiza-eskopetak erabiltzea. Eskopetari izateko gutxieneko adina 16 urte da.
Bestetik, txilibitero izateko 12 urte eduki behar dira beteta. Bestela, laguntzaile moduan ere parte hartu ahal izango dute haurrek, abanderatu edo kartutxo banatzaile gisa adibidez. Udal ordezkariek diotenez, “horiek ere beharrezko direla ekitaldia behar bezala gauzatu dadin”.












