Auzolanari keinu eginda hasiko dituzte Azentzio Jaiak
Gaur hasi eta igandera bitarte luzatuko dira Legorretako jaiak. Ostiraletako herri bazkaria antolatzen duen taldeak jaurtiko du txupina.
Aurtengo Azentzio Jaietako pregoilariak.Hitza Gaur hasiko dira Legorretako Azentzio Jaiak, eta igandera arte luzatuko dira, udaletxeko balkoian egongo duten Pikua ehortzi arte. Txupinazoak kutsu berezia izango du aurtengoan, duela 20 urte ostiraletako zikiro bazkaria antolatzen hasi zen lagun taldeak irakurriko baitu pregoia, eta, harekin batera, urte luzez herriko festa giroa sustatzeko egindako lana aitortuko da.
Azentzio jaietako hitzordu jendetsu eta errotuenetako bat den zikiro bazkariaren atzean Bilkoin elkarteko kideak daude. Hasieran, lagun arteko ekimen gisa sortu zen egitasmoa, elkartearen barruan antolatutako bazkari soil bat izanik. Urteek aurrera egin ahala, ordea, herritarren babesari esker, ekimena handitzen joan da, eta gaur egun Legorretako jaietako ezinbesteko ospakizun bihurtu da.
Joseba Goikoetxea elkarteko kideak azaldu duenez, duela aste batzuk jaso zuten aurtengo pregoilari izateko proposamena, eta albisteak ezustean harrapatu zituen: «Sorpresa handia izan zen; ez genuen espero, baina ohore handia da guretzat». Haren esanetan, aitortza horrek balio berezia du urte luzez «isilean» egindako lanari ikusgarritasuna ematen diolako.
«Zikiro bazkaria aitzakia bat besterik ez da; benetan garrantzitsuena herria mahai baten inguruan elkartzea eta festa kalera ateratzea da».
Joseba Goikoetxea
Ekitaldi herrikoi errotua
Ostiraleko herri bazkaria jaietako ekitaldi arrakastatsuenetako bat bihurtu da. Iaz, 215 lagun elkartu ziren, eta aurten ere plaza lepo ikustea espero dute antolatzaileek. Urtero dozena bat lagunek osatutako talde finko batek hartu izan du antolakuntzaren ardura; haiek arduratu izan dira xehetasun guztiak lotzeaz, nahiz eta herritarren laguntza eta inplikazioa ezinbestekoak izan diren ekimena urteetan mantentzeko.
Arrakastaren gakoa «herritarren arteko lankidetzan» dagoela ziurtatu du Goikoetxeak. Horregatik, aurtengo pregoian auzolana, herri bizitza eta belaunaldien arteko lotura aldarrikatuko dituztela aurreratu du: «Zikiro bazkaria aitzakia bat besterik ez da; benetan garrantzitsuena herria mahai baten inguruan elkartzea eta festa kalera ateratzea da».
Filosofia horri eutsita, elkarteak bazkariko antolakuntzatik harago ere, herri ekintzetan «parte hartze aktiboa» izan du
beti. Corpus egunean, sagardo egunean edota bestelako ospakizun eta ekimenetan laguntzen aritzen dira urtero, herriko dinamika sozialari ekarpena eginda. «Herria bizirik mantentzea da garrantzitsuena», azaldu du Goikoetxeak.
«20 urteko bide horri amaiera borobila emateko modu bat izango da askorentzat»
Joseba Goikoetxea
20 urteko lanaren ordaina
Bi hamarkadako ibilbidean, ordea, taldeak berak ere aldaketak bizi izan ditu. Denboraren joanarekin, hainbat taldekide zahartzen joan dira, eta batzuek antolakuntzako ardura uzteko garaia heldu dela sentitu dute. Horregatik, aurtengo txupinazoak badu nolabaiteko esanahi sinbolikoa ere taldeko hainbat kiderentzat. «20 urteko bide horri amaiera borobila emateko modu bat izango da askorentzat», dio Goikoetxeak.
Pregoia nork irakurriko duen oraindik «guztiz erabaki gabe» dutela aitortu dute. Nolanahi ere, ziur daude denak egongo direla udaletxeko balkoian, urte luzez partekatu duten lanaren eta adiskidetasunaren isla gisa.
Aurtengo txupinazoak, beraz, herri ekimen baten arrakasta ez ezik, auzolanean eta konpromiso kolektiboan oinarritutako ibilbide baten aitortza ere irudikatuko du. «Urduri» dauden arren, «ilusioa» gainjartzen zaiela aitortu dute: «Ilusio handia da sentitzen duguna, udaletxeko balkoira igotzea herriaren izenean gauza handia baita guretzat».
EGITARAUA
Gaur
- 17:00. Esku pilota txapelketako finalak, Pilotalekuan.
- 19:00. Pregoia eta jaien hasiera. Ondoren, erraldoiak, buruhandiak eta kalejira, plazatik.
- 19:30. Bertso erronka, plazatik.
- 21:30. Lagunarteko afaria, plazan.
- 23:30. Dj L’egourloop, plazatik.
Bihar: Azentzio eguna
- 9:30. Goiz eresia, udaletxetik.
- 10:00. Bola txapelketa, plazan.
- 13:00. Zumba herrikoia, plazan.
- 18:15. Euskal erromeria, plazan.
- 20:00. Batukada, plazatik.
- 23:00. Puro Relajoren dantzaldia, plazan.
Ostirala
- 9:15. Goiz eresia, udaletxetik.
- 11:30-14:00. Puzgarriak, plazan.
- 12:30. Pote, Igel eta Toka txapelketa, plazan.
- 12:30. Kalejira, plazatik.
- 14:30. Herri bazkaria, kale nagusian.
- 18:30. Playback, frontoian.
- 1:00. Dj Bull, plazan.
Larunbata: Mozorro eguna
- 9:30. Goiz eresia, udaletxetik.
- 13:00. Txakolin dastaketa eta paella txapelketa, plazan.
- 14:30. Herri bazkaria, plazan.
- 19:30. Atrikipunk, plazan.
- 00:00. Burutik, plazan. Eta ondoren Atrikipunk.
Igandea
- 9:30. Goiz eresia, udaletxetik.
- 12:00. Buruhandiak, plazan.
- 13:00. Diskofesta Xaiborrekin, plazan.
- 18:30. Tio Teromen semeak ikuskizuna, plazan.
- 20:30. Pikuaren ehorzketa, plazan.












