Elgoibarko historia industriala argazkitan ikusgai, Juan Kruz ile apaindegian
'Metalaren arrastoak' izenburupean Eduardo Arrillaga eta Esmeralda Zapparoli argazkilari elgoibartarrek bildutako irudiak ikusi daitezke erakusketa berrian. Ekainera arte egongo da zabalik.
Erakusketa berria inauguratu berri dute Kale Nagusiko Juan Kruz ile apaindegian. Oraingoan, zuri-beltzezko argazkiak dira protagonistak. Metalaren arrastoak izenburupean bildu zituzten hainbat irudi Eduardo Arrillaga eta Esmeralda Zapparoli argazkilari elgoibartarrek, eta ekainaren amaierara arte izango dituzte ikusgai batzuk Legazpin.
Arrillagak eta Zapparoliz Bartzelonan ezagutu zuten elkar gaztetan, argazkigintza ikasten ari zirenean, eta ordutik ibilbide luzea egin dute mundu horretan, proiektu, lan, erakusketa eta sari ugari tarteko.
Ile apaindegian ikusgai jarri duten Metalaren arrastoak bilduma 2014an elkarrekin abiatu zuten proiektua da, Elgoibar makina-erremintaren sorreraren mendeurrena ospatzen ari zenean. Proiektuaren oinarria formatu desberdinetako zuri-beltzezko argazkiak ziren, eta haien bidez Elgoibarko industria historiaren esentzia eta memoria berreskuratzea eta betikotzea nahi izan zuten, guztia desagertu aurretik.
Erakusketa areto berezi honetako ateak herritar guztientzat daude zabalik, ez da beharrezkoa ile apaindegiko bezero izatea erakusten dituzten artelanak ikustera sartzeko. Denen eskura daude.













