Haztegi ikastolak Aizaleku konkistatzeko irteera egingo du
Kilometroak festaren 50. urteurrenaren harira martxan jarritako '50 jai, 50 tontor' ekimenarekin bat egingo du mendi irteera horrekin. Maiatzaren 24an egingo dute, eta izena emateko epea igande honetan amaituko da.
Haztegi ikastolak mendi irteerak berreskuratu ditu, eta maiatzaren 24an Aizalekura joango da, Kilometroak festaren 50. urteurrena ospatzeko martxan jarritako 50 jai; 50 tontor ekimenarekin bat eginez. Ekimen honen helburua Gipuzkoako ikastola guztien artean bakoitzak bere inguruko mendi tontor batera hurbilduz, denera 50 tontor konkistatzea da.
Legazpiarrek konkistatu nahi duten mendia Aizaleku da. Ibilbidea adin eta maila ezberdinetara egokituta egongo da, “parte hartzaile guztiek modu erosoan gozatu ahal izan dezaten”. Helburua ez da soilik mendira igotzea, “baizik eta bidean sortzen diren uneak partekatzea: elkarrizketak, barreak eta komunitate giroa”.
Irteera ikastolako patiotik egingo dute, 10:00etan, eta izena eman behar da aurretik, hilaren 17rako, eta internet bidez egin daiteke.
Legazpiko irteera hau ikastolako komunitate osoari zuzenduta dago, hau da, ikasle, guraso eta langileei. “Elkarrekin naturaz gozatzea, harremanak sendotzea eta komunitate bezala une polit bat partekatzea” izango dira helburua. “Ikastola ez da soilik ikasteko gunea; elkarbizitza, esperientzia partekatuak eta komunitate sentimendua eraikitzeko espazioa ere bada”. Horregatik, irteera hau “aukera paregabea izango da familia, ikasle eta irakasleak giro lasaian elkartzeko, naturan ibiltzeko eta eguneroko errutinatik ateratzeko”.












