Tomate eta gerezi sasoia hasi da
Bi produktu berriek gorriz koloreztatu dute Ordiziako feriako eskaintza. Urteko lehen azenarioak ere iritsi dira.
Gabiriatik eta Azkoititik iritsi dira Ordiziako feriara azken berritasunak: Jose Antonio Elosegiren gereziak, eta Jesus Mari Uzinen tomateak. Gorri tonu diferentetako frutak biak, kolore horretaz apaindu dute gaur, bisitariz beteta egon den Plaza Nagusia. Nafarroako Buñuel herriko jubilatuen elkarteko 70 lagunek giro aparta jarri dute goiz erdialdetik feria gune osoan, eta Aqui la tierra telebista saioko ekipo bat ere izan da bertan erreportaje bat grabatzen.
Urteko lehen gereziak «betiko moduan» hasi dira aurten ere, Elosegik ale gozo eta txiki horietaz beteta zituen kaxen atzetik azaldu duenez. «Orain arte ondo etorri dira, zozoek ez diete kalte handiegirik egin, baina ea aurrerantzean, eguraldi txarra datorrela iragarrita dago eta». Kiloa 10 euroan jarri du salgai. Sagarren inguruan ere hitz egin du, «ikusten da, poliki dator», esan du, eta dena ondo bidean, ekain amaieran edo uztail hasieran ekarriko dituela lehenak agindu du.
Tomatea, berriz, Kurutzia baserriko negutegietatik iritsi da zuzenean Ordiziara. Ohi bezala, bezeroak zain zituen Uzinek, eta lehen orduan saldu ditu alerik onenak, «tomate handienak eta gorrienak laster ezkutatu dira» esan du saltzaileak. Aurten 6,20 euroan jarri ditu salgai urteko lehenak.
Beste produktu berri bat ere aurkeztu dute gaur: azenarioa, negutegikoa. Natalia Magallanesek zuen salgai, Sustrai Askeak postuan. Azenario txikiak ziren, eta hosto eta guzti eskaintzen ari zen bidaniarra, «salda egiteko edo beste barazki batzuekin pure eginda jateko» oso egokiak direlako. Sorta 2,5 euroan jarri du salgai.
Perretxikoak ugaritzen
Perretxikoen atalean ez da berritasunik izan, baina geroz eta gehiago dagoela nabarmena da. Lasa, Barcina eta Barandiaranen artean 170 kilo ziza eskaini dituzte, kiloa 15 eta 55 euro artean. Lasa eta Barcinaren postuetan, bestalde, 50 kilo onddo ere jarri dituzte salgai, kiloa 32 eta 42 euro artean, eta 14 kilo ziza hori ere bai, kiloa 25 eta 38 euro artean. Boilurra ere bazuten biek, Barcinak unitatea 5 euroan, eta Lasak kiloa 200 euroan.
Landareen eskaintzara, azkenik, sandia eta meloia (0,60 euro), zehar aldatutako tomatea (0,70 euro), luzoker txikia (0,20 euro), eta kuiatxo zuria gehitu behar dira (0,60 euro).
Zegama-Aizkorri eta ‘Aqui la tierra’
Nafarroako jubilatuez gain, izan dira bestelako bisitariak ere ferian gaur. Alde batetik, igandean egitekoa den Zegama-Aizkorri mendi maratoiko partaide batekin bideoa grabatzen jardun du talde batek, Goitur turismo agentziaren bidez.
Bestetik, TVE-1eko Aqui la tierra telebista programa ezaguneko Aunitz Alberdi kazetaria ere Plaza Nagusian ikusi da, bere ekipoarekin Iñigo Aranburu saltzaileari buruz erreportaje bat grabatzen. Azokako belaunaldi aldaketaz eta moda kontuaz jardun dute, besteak beste, eta datozen egunetan emango dute.
















