CAFeko Beasaingo eta Irungo lantegietako batzarrek ontzat eman dute hitzarmenaren inguruko zuzendaritzaren eskaintza
Zuzendaritzak egindako seigarren proposamena berretsi dute hala, eta azken hiru asteetan martxan egon diren lanuzteak eta mobilizazioak bertan behera utzi dituzte.
CAFeko langileen batzarra.LAB Aste hasieran jakinarazi zuen ELA sindikatuak aurreakordioa lortu zutela Beasain, Irun eta Madrilgo lantegietako enpresa batzordeek hitzarmen kolektiboa berritzeko. LAB sindikatuak jakinarazi du CAFeko Beasaingo eta Irungo batzarrek ontzat eman dutela hitzarmenaren inguruko zuzendaritzaren azken eskaintza hori.
Zuzendaritzak egindako seigarren proposamena berretsi dute hala, eta azken hiru asteetan martxan egon diren lanuzteak eta mobilizazioak bertan behera utzi dituzte.
Hiru urteko indarraldia du akordioak, eta LABen esanetan “aurrerapauso esanguratsuak” jasotzen ditu. “Besteak beste, Beasaingo tailerretan gutxienez 190 pertsonaren kontratazioa, Irungo tailerretan gutxienez 40 pertsona kontratatzea eta 11 gehiago bulego lanetarako Beasainen. Errelebo-kontratuaren aplikazioa bermatzen da. Bertan lan postuak sortzearekin, lana kanporatzeko zuzendaritzaren nahia mugatu nahi da”.
Soldata-igoerak KPIaren gainetik izango dira, eta hitzarmenaren indarraldian zehar 1.592,5 orduko lanaldia enpresako kolektibo guztiei aplikatuko zaie. Era berean, lehen aldiz, urteko lanaldia 35 orduko asteko lanaldia baino txikiagoa izango da kolektibo batean (4. erreleboko langileentzat 1.584,5 ordu), “eta horrek atea irekitzen dio etorkizunean gainerako langileentzat ere lanaldi-murrizketak lortzeari”.
Lizentzia ezberdinetan “hobekuntzak” jasotzen dira sindikatuaren ustez. “Eta tailerreko langileen lan-bidaietako baldintzak ere hobetzen dira. Euskara ikasteko prestakuntzaren baldintzak beste hizkuntzen pare jartzen dira, eta mugikortasun iraunkorraren plana lantzeko batzordea eratuko da”. Negoziazio prozesuan lanuzteek eta mobilizazioek izan duten “pisu handia” nabarmendu du. “Horiek mugitu dute patronalaren jarrera”.
LAB proposamenaren alde agertu da, bere afiliatuen artean egindako barne-kontsultan %78,9ko babesa jasota. Langile guztien artean egindako bozketek ere babes zabala berretsi dute: parte hartzaileen %64,2 aldeko bozkarekin Beasaingo lantokian; eta parte hartzaileen %73,4 aldeko bozkarekin Irungo lantokian.












