Kofradiaren kapitulu berria, larunbatean
Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak 36. Kapitulua ospatuko du. Kofradiakide berriak eta Ohorezkoak izendatuko dituzte. Goizean hasita, eguerdira arte luzatuko da ospakizuna.
Kofradia ezberdinetako kideak, iaz, bat eginik Ordiziako Plaza Nagusian.Laida Goiburu Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak bere kapituluaren urteurrena ospatuko du larunbatean. 36. Kapitulua izango dute kofradiakide eta gonbidatuek. Ohi moduan, kofradiakide berriak eta ohorezko kofradiakideak izendatuko dituzte.
10:30ean emango diote hasiera egunari. Barrena jauregian harrera egingo zaie kofradiakideei eta gonbidatuei eta gazten dastaketa izango dute. Ondoren, 11:30ean, duela 25 urte baino gehiagotik, Katrin Iturralde Izuzkizak zuzentzen duen Oroith Abesbatzak ongi etorri kontzertua eskainiko die gonbidatuei. Bukatzerakoan, 12:15ean kofradia guztiak desfilean joango dira udaletxeraino.
Izendapenak
Adur Ezenarro alkateak harrera berezia egingo die bertan, ekitaldi nagusiari hasiera emanda. Amaia Ajuria Urrujulegi, Maider Muguia Baztan eta Vanessa Mendoza Martinez izendatuko dituzte kofradiakide berri, eta Josu San Vicente Saenz de Ugarte artzaina –Arabako San Vicente de Aranako Idiazabal gazta egiten du–, Alberto Vesga –Sustrai fruta denda, Ordiziako Azokari lotutako merkataritza–, Azari Ehiza eta Arrantza Elkartea –bere mendeurrenagatik– eta Euskal Sukaldaritza Berriaren sortzaileak –beren sorreraren 50.urteurrena–, berriz, Ohorezko Kofradiakide. Kofradia babeslea Onnera Group S Koop izango da.
Bukatzeko, Martinez jatetxean Senidetasun Bazkaria egingo dute elkarrekin, 14:00etan hasita; goizean hasitako ospakizunari amaiera emango diote orduan.












