Legazpiko parrokiko organo ziklo berria igandean hasiko da
Roberto Hernandez Corral musikariak emango dio hasiera hamabigarren edizioari. Kontzertua parrokia elizan izango da, 19:00etan, eta sarrera dohainik izango da.
Roberto Hernandez organo jotzailea. Legazpiko parrokiko hamabigarren Organo Zikloa igandean hasiko da, Roberto Hernandez Corral musikariaren kontzertuarekin. Emanaldia 19:00etan hasiko da, eta sarrera doan izango da, ohi bezala.
Zikloak hurrengo igandean izango du jarraipena, Matias Sagreras organo jotzailearekin eta Juan Ignacio Emme biolontxelo jotzailearekin, eta amaitzeko, maiatzeko azken igandean kontzertua eskainiko du Monica Melkovak organoarekin, Andoni Salamero poetaren errezitaldiaz lagunduta. Emanaldi horiek ere 19:00etan izango dira, dohainik.
Ainhoa Enatarriaga organistak antolatu du organo ziklo hau aurten ere. Duela ia hamabi urte jarri zuen martxan, Legazpiko parrokian dagoen estilo erromantikoko organoa balioan jartzeko. Amezua eta CIA enpresak egindakoa da, 1958 eta 1962 artean parrokian egindako obren garaian. Koruko bigarren pisuan kokatuta dago, aldareari begira, eta aurretik zegoen organoaren tutuak, bi hauspo eta pistoiak ditu oraindik. Orain del urte gutxi egindako lanei esker, beirazko atetik bere funtzionamendua ikusteko aukera dago.
Roberto Hernandez, hasteko
Organo zikloari hasiera emateko arduraduna Roberto Hernandez Corral izango da, Donostiako Musikenen hezitako musikaria, hau da, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Zentroan. Organo irakasle onenekin ikasteko aukera izan du bertan eta ondoren Parisen.
Roberto Hernandezek makina bat errezitaldi eskaini ditu agertoki askotan, baita organo ziklo askotan parte hartu ere. Oraingoan Legazpin entzuteko aukera izango da.










