EH Bilduko ordezkariek Goierri-Donostia autobusaren bigarren linea jartzeko eta orain dagoenak Legazpin geralekua izateko eskatu diote Aldundiari
Legazpin bertan gaur goizean egindako eskariak dira, Gipuzkoako batzarkide Oskar Bordesen eta Legazpiko bozeramaile Ibon Alzelairen ahotik.
EH Bilduko ordezkariek agerraldia egin dute Legazpin komunikabideen aurrean gaur goizean, Goierri eta Donostia lotzen dituen autobus linearen harira. Bertan, Aldundiari eskatu diote Batzar Nagusien mandatua bete eta bigarren linea ere martxan jartzeko, eta oraingo lineako autobus guztiak Legazpiraino iristeko eta zerbitzua indartzeko. EH Bilduko Gipuzkoako batzarkide Oskar Bordes eta Edurne Gonzalez, eta Legazpiko bozeramaile Ibon Alzelai Saturnino Telleriako autobus geralekuan elkartu dira komunikabideekin.
Goierri eta Donostiako gune jakin batzuk lotzen dituen GO07 autobus linea martxan jarri eta urtebetera, “positibotzat” jo dute autobus linea berri honek eskaintzen duen zerbitzua. Hala ere, ezker subiranisten ustez “lineak oraindik baditu hobetu beharreko hainbat alderdi; besteak beste, autobus guztiak Legazpin geldialdia egitea eta erabiltzaile gehien pilatzen diren egun eta ordutegietan autobus zerbitzu gehigarriak jartzea, adibidez, Ordizian inor zerbitzurik gabe gera ez dadin”.
EH Bilduko ordezkariek esan dutenez, Aldundiak emandako datuek “agerian uzten dute GO07 linearen beharra bazegoela” Goierri Donostiarekin lotzeko. Aldi berean, gogorarazi dute 2025eko ekainaren 5ean Batzar Nagusietan onartuta, Aldundiak mandatua jaso zuela Legazpin hasi eta Donostiako ospitale guneraino iritsiko litzatekeen bigarren autobus linea bat martxan jartzeko, eta mandatu hori betetzeko “exijitu” dio. “Baina, ikusten dugu EAJk eta PSEk gobernatzen duten Aldundiak ez duela borondaterik beharrezkoa den linea hori martxan jartzeko”.
Bigarren linea horrek Goierri Donostiako ospitaleekin, Parke Teknologikoekin eta Eusko Treneko linearekin lotuko lituzke zuzenean, eta “horren premia badago”, Bordesek nabarmendu duenez
Bigarren linea horrek Urola Garaia eta Goierri Donostiako ospitaleekin, parke teknologikoekin eta Eusko Treneko linearekin lotuko lituzke zuzenean. Horren premia badagoela gogorarazi du Bordesek. Izan ere, “bigarren linea hori ezinbestekoa da eskualdeko herritarren mugikortasuna eta eguneroko bizimodua benetan hobetzeko”, gehitu du. Ordueroko maiztasuna beharko lukete, errutina finkoengatik, hala nola, lanarengatik edo ikasketengatik egiten diren bidaiei erantzuteko. Beste garraio-zerbitzu batzuen erabilera ere erraztuko luke, hala nola, Eusko Tren, bai eta Donostiako ospitale-unibertsitate gunerako sarbidea ere.
GO07 linearen osagarria dela azaldu du Bordesek , are gehiago, “osatu egin behar direla. Helmuga desberdinak dituzten bi zerbitzuekin, ziur Goierriko biztanleek irabaziko dutela”, gaineratu du.
Legazpiko geralekua
Legazpiri buruzko eskaera zehatza ere egin dio EH Bilduk Aldundiari, Ibon Alzelairen ahotik: “GO07 lineak eta proposatutako linea osagarriak Legazpin geralekua izan dezatela”.
Gaur egun, Legazpitik bi zerbitzu abiatu eta beste bi iristen dira. Linea martxan jarri zenetik, Legazpitik abiatzen diren zerbitzuek 6.000 erabiltzaile baino gehiago izan dituzte. Gainerako zerbitzuak, ordea, Zumarragan hasten dira, eta Altzelaik adierazi duenez, “egunerokoak argi erakutsi du loturak ez daudela behar bezala bermatuta”. Izan ere, DG04 lineako autobusak “sarritan atzerapenarekin iristen dira, eta erabiltzaileek ez dute autobus aldaketa egiteko nahikoa denbora izaten”. Itzulerako zerbitzuetan ere “ez dago bermatuta loturak denbora onargarrian egin ahal izatea”.
Hori dela eta, Legazpiko EH Bildu udal taldeak mozio bat erregistratu du GO07 lineak Legazpin geralekua izan dezan eskatzeko. Mozioa 2025eko osoko bilkuran ere eztabaidatu zen, baina EAJk eta PSEk aurka bozkatu zuten orduan. “EH Bilduk espero du oraingoan proposamenak babes nahikoa jasotzea eta aurrera egitea”.













