Udaberriko kanpaina berria abiarazi du Ordizian elkarteak
Erosi, urratu eta berriz erostean datza kanpaina berriak. Komertzio txikien gertutasuna, arreta pertsonalizatua eta kalitatea balioan jarri nahi da.
Ordiziako komertzioa lorez jantziko da datozen asteetan, Ordizian elkarteak martxan jarri duen udaberriko kanpaina berriaren baitan. Helburua da komertzio txikiaren gertutasuna, arreta pertsonalizatua eta kalitatea balioan jartzea.
Kanpainaren ardatza loreak izango dira, eta Ordiziako dendak udaberriko giro bereziz apainduko dira, herritarrak eta bisitariak bertako komertzioetan erostera gonbidatzeko. Hala, ekimenean parte hartzen duten saltokietan 10 eurotik gorako erosketak egiten dituzten ordiziarrek urratu eta irabazi txartelak jasoko dituzte, eta bertan 5, 10 eta 25 euroko deskontu-bonuak irabazteko aukera izango dute.
Dinamika erraza izango dela aurreratu du elkarteak: tokiko komertzioan erosi, txartela urratu eta berriz erosi urraketan lortutako zenbatekoa deskontatuz. Gainera, zuzeneko saririk lortzen ez duten txartel guztien artean 100 euroko 5 bono eta 500 euroko bono bana zozketatuko dira. Maiatzaren 28an egingo den zozketan jakinaraziko dituzte irabazleak.
Ordiziako erakuslehioak izango dira udaberriko kanpainaren islada; izan ere, bat egingo dute ekimenarekin eta lore-motiboz zein udaberriko kolorez apainduko dituzte. Erakuslehioen arteko lehiaketa ere izango da eta horrek osatuko du kanpaina: “Parte hartzen duten establezimenduek Ordizia sormenez, kolorez eta udaberriko giroz beteko dute”.
Antolatzaileek azpimarratu dute kanpainaren xedea dela Ordiziako komertzioa indartzea eta herritarren fideltasuna eskertzea.














