Zegaman giroa gori, Aizkorrin hotz eta zuri
Zegama prest da dagoeneko mendi maratoiaren asteburua bizitzeko. Azken prestaketa lanak egiten ari dira herrian, eta sumatzen da jendearen joan-etorria. Eguraldia makurra da, eta gailurreria elurtuta dago.
Zegamako herri sarrerako seinalea eta Aizkorriko gaina elurtuta, gaur goizean. Iñaki Gurrutxaga Gaur goizean hartu behar izan dute Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren antolatzaileek eguraldia eragindako lehen erabakia: XII. Zegama-Aizkorri Kilometro Bertikaleko ibilbidea laburtzea. Zegamako plazatik abiatuko dira, eta Itzubiagan bukatuko dute.
Gainontzean herria astebururik handienerako prestatzen ari da. Baimenik ezean, industrialdetik aurrera autoz sartu herrira, eta plaza ingurua helmuga prestatzen ari dira langileak eta boluntarioak.
GOIERRIKO HITZAk jarraipen berezia egingo dio asteburuari, eta webguneko atal berezian bilduko du informazio guztia.
Hori bai, Aizkorriko gailurreria zuri esnatu da gaur, eta horixe izan da askoren ahotan zegoen kontua. Gaurko ibilbidean moldaketa eginda, iganderako ez halakorik espero. Eguraldi iragarpenek diote goizean ez duela euririk egingo eta ostarteak zabalduko direla. Hori bai, goian elurra dagoela ikusita, tenperaturak hotzak izango dira.













