Dantza txapelketako kartel lehiaketa hutsik utzi du epaimahaiak
Guztira 16 lan aurkeztu dituzte 10 lagunek. Lehiaketako baldintzak aztertu ondoren, aho batez hartu du erabakia epaimahaiak.
Iazko txapelketako irabazleak: Lezoko Maren Galvez eta Sopelako (Bizkaia) Gorka Granado. Segurako Udala Seguran ospatzen den Euskal Herriko Dantza Txapelketak 50. urteurrena beteko du aurten. Hori horrela, Segurako Udalak hainbat ekintza aurreikusi ditu urteurrena ospatzeko; tartean, txapelketa iragartzeko publizitatea eta kartelak irudikatuko zituen kartela aukeratzeko lehiaketa deitu zuen pasa den martxoan.
Maiatzaren 5ean itxi zen parte hartzeko epea eta gaur eman dute jakitera epaimahairen iritzia. Guztira, 16 lan jaso dituzte, 10 egile ezberdinenak. Epaileek lanen testua, tipologia, ideiak, proportzioak, emozioak, mugimendua, koloreak, transmisioa, sormena, kalitatea, espazioa, sentimendua eta urteurrenari emandako balioa aztertu dituzte, besteren artean.
Lan guztiak aztertu ondoren eta aurretik aipatutako irizpideak kontutan hartuta, aho batez erabaki du epaimahaiak kartelik ez aukeratzea irabazle gisa, eta ondorioz, lehiaketa hutsik geratu da.
Baleak parte hartzaileentzat
Aurretik, oinarrietan aipatu bezala, parte hartzaile bakoitzak 20 euroko saria jasoko du, Segurako dendetan kontsumitzeko. Baleak maiatzaren 18tik ekainaren 18ra bitartean erabili beharko dira. Segurako udaletxeko harreran jaso behar dira, astelehenetik ostiralera 8:30etik 14:30era eta asteazkenetan, baita 15:30etik 18:00etara ere.













