Kuadrilla egunez, tradizioa eta kirola lagunartean
[ARGAZKIAK ETA BIDEOAK] Goizean Loinazko San Martinen basilikara prozesioa izan da, eta han erromeria. Areto futbol txapelketako eta pala eta pilota txapelketako finalak jokatu dira.
Lagun talde bat gaurko kuadrilla egunean.Izaro Villarreal Kuadrilla eguna dute gaur Beasaingo Loinatz jaietan. Tradizioa eta lagunarteko kirol ekitaldiak izan dira goiz-eguerdi parteko ekitaldi nagusiak; batetik, Loinazko San Martinen basilikara prozesioa egin dute, eta bestetik, areto futbol zein pala eta pilota txapelketetako finalak jokatu dira.
Goizean goiz hasi dute eguna. Andre Mari Zeruratuaren elizatik Loinazko San Martinen basilikara prozesioa egin dute txistulariek, dantzariek, erraldoiek, udal agintariek eta inguratu diren herritarrek. Han, mezaren ondoren, erromeria izan da. Barraskiloak, odolkia, txorizoa eta gazta dastatzeko aukera egon da, norberak eramandakotik eta han jarritako postuetan. Dantzariek ezpata dantza egin dute erromeriari amaiera emateko.
ARGAZKIAK: Izaro Villarreal
BIDEOAK: Laida Goiburu
Eguerdian kirol arloko txapelketen txanda izan da. 11:00etan hasita, La Salle ikastetxeko patioa jendez bete da 48. Kuadrillen Arteko Areto Futbol Txapelketako finala ikusteko. Rhusbiñarte taldeak irabazi du aurten ere –iaz ere haiek izan ziren nagusi– txapelketa, finala Matxi taldearen aurka 4-7 irabazita.
Gernika pasealekuan, pilotaren bueltan
Areto futboleko finala bukatu baino lehen, pilota zaleak Gernika pasealekuko frontoian zeuden bilduta jada. III. Emakumezkoen Pala Txapelketa herrikoiko finala jokatzen hasi dira eguerdian Amaiur Landa eta June Landa eta Elorri Ramirez eta Ixiar Otamendi bikoteak, harmaila beteta zela. Final estua izan da azkenerako; 18-18 iritsi dira markagailuan, 20-18 aurreratu dira Landa ahizpak, baina Ramirez-Otamendi bikoteak hogeina egitea lortu dute. 22-20 amaitu da partida. Amaiur Landa eta June Landa dira aurten ere –iazkoan ere haiek izan ziren irabazleak– pala txapeldunak.
Jarraian jokatu da XV. Eskuz Binakako Pilota Txapelketa Herrikoiko finala, Saltsa I-Saltsa III (Iñaki eta Mikel Urdangarin anaien) eta Xabier Urteaga-Aritz Imazen artean. Saltsa I eta Saltsa III-k hartu dute aurrea hasieratik, eta haiek irabazi dute partida –22-12– eta txapelketa.
Hau izan da 2026ko sasipilota, pala eta pilota txapelketako sailkapena:
Sasipilota txapelketa
1. Jon Lizarazu-Josu Urdangarin
2.Josu Zufiaurre-Ander Zufiaurre
3. Beñat Elgarresta-Jon Iturbe
Pala txapelketa
1. Amaiur Landa-June Landa
2. Elorri Ramirez-Ixiar Otamendi
3. Leire Otamendi-Maddi Aiestaran
Pilota txapelketa
1. Saltsa I-Saltsa III
2. Xabier Urteaga-Aritz Imaz
3. Jon Zufiaurre-Jon Zabaleta
DJ Bull, gauean
Umeentzako puzgarriak egongo dira 19:30 bitartean Barandiaran plazan, 360 graduko bideoak egiteko bideomatoia Zubimuzu plazan 20:00ak arte. 19:00etan Zutik erromeriaren kontzertua izango da Bideluze plazan, eta 23:00etan DJ Bull.
Bihar, berriz, azoka bereziarekin hasiko da jaietako egitaraua.














