1.900 eurotik gora bildu dira Ordizian minbiziaren aurkako diru bilketan
Lortutako baliabideak ikerketa onkologikora eta elkarteak eskaintzen dituen zerbitzuak doakoak izatera bideratuko dira. Elkarteak ordiziarrei eskerrak eman nahi izan dizkie.
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak joan den asteazkenean egin zuen ohiko urteko diru bilketa, lortutako baliabideak ikerketa onkologikoan sakontzeko eta elkartearen doako zerbitzuak sustatzeko bideratzen dena. Bildutako guztizko zenbatekoa 1.974,88 eurokoa izan zen, eta ordiziar guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie, bilketan izandako “eskuzabaltasunagatik”.
Boluntario ugarik parte hartu zuten ekimen solidarioan. Mahaiak jarri zituzten herriko txoko ezberdinetan eta horietan jaso ahal izan zituzten herritarren ekarpenak. Dirua biltzeaz gain, elkartearen lana ezagutarazteko aukera ere eman zuen bilketak, bai eta urte osoko jardunari ikusgarritasuna emateko ere.
Elkarteak azaldu duenez, diru bilketan lortutako funtsak ikerketa onkologikoarekin lotutako proiektuen finantziaziorako, paziente eta hauen senideak artatzeko programa zein gaixotasunen prebentziorako eta detekzio goiztiarreko kanpainaren jarraipena bermatzeko bideratuko dira. Gainera, irabazi horiei esker elkarteak eskaintzen dituen zerbitzu guztiek doakoak izaten jarraituko dute.
Elkarteak gogorarazi du dohaintza egin nahi duten herritarrek oraindik badutela aukera internet bidez egiteko.













