Dantza asteburua izango dute ordiziarrek
Ostiraletik igandera bitarte, hitzaldia, IX. zortzikoa eta dantzari txikia izango dira Ordizian.
Ordiziako Zortzikoaren bueltan zenbait dantzari, artxiboko irudi batean. K. Garralda Dantzari txiki zein helduek dantza beteko asteburua izango dute Ordizian, Amets Bide dantza taldeak antolatuta. Ostiralean hasi eta igandera bitarte, ekitaldi bereziak izango dituzte eta dantzarien topaleku bihurtuko da Ordizia. Ostiralarekin batera, Ordiziako dantza maisuen oinordetzaren inguruko hitzaldia izango da Barrena Kultur Etxeko biltzar aretoan. Mikel Sarriegik gidatuko du hitzaldia, 18:00etan hasita. Doan izango da.
Zortzikoa, larunbatean
Larunbatean, berriz, ohitura bilakatu den zortzikoaren bueltan elkartuko dira dantzari helduak. Urtez urte errotzen joan den ekimena da, dagoeneko bederatzigarren aldia duena. 19:00etan zortzikoaren hasiera egingo dute Barrena parkean, eta kalez kale dantzan aritu ondoren, Plaza Nagusian egingo dute amaierako ekitaldia, 20:00etan. Udaletxeko batzar aretoan egingo duten sinadura ekitaldiarekin amaituko da.
Dantzari txikien txanda
Asteburua borobiltzeko, dantzari txikien elkargune izango da Ordizia igandean. Barandiaran plazan elkartuko dira goizean goiz, Urdaneta (Ordizia), Oin Arin (Lazkao), Irrintzi Alai (Legorreta), Iztueta (Zaldibia), Herri Ametsa (Donostia), Axari (Idiazabal) eta Amets Bide (Ordizia) dantza taldeetako dantzariak, eta kalez kale dantzan aritu ondoren, alardea 13:15ean egingo dute plaza berean. 14:00etan, frontoi txikian denek elkarrekin bazkaldu eta 15:30ean haur jolasak izango dira. 18:00etan, azkenik, Plaza Nagusian, ‘Hamaikua’ dantza ikuskizuna eskainiko dute Ibarrako Alurr dantza taldeko kideek.













