Sexualitatea mintzagai, larunbatean
Treba Gazteak programaren baitako saioa izango da. Parte hartzeko izen ematea irekita dago gaztelekuan.
Treba Gazteak programaren baitan, Zer dakit nire sexualitateaz: harreman osasuntsuak eraikitzen jarduera antolatu dute larunbatean, Idiazabalen. Saioa 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta Guraso Elkarteak egingo dute, 17:00etatik 19:00etara, Ageda Blasco trebatzailearen gidaritzapean.
Saioaren helburua sexualitatearen gaia ikuspegi zabal, inklusibo eta kritikotik lantzea da, eta aldi berean, parte-hartzaileek euren esperientziak, zalantzak eta kezkak partekatzeko espazio seguru bat sortzea.
Saioan zehar, honako gaiak landuko dira: emozioen eta desiraren esplorazioa, adostasuna, tratu ona, baita sexting-aren eta sextortsioaren prebentzioa ere. Halaber, botere-harremanak aztertuko dira, bereziki desioaren eta adostasunaren arteko lotura azpimarratuz.
Metodologia parte hartzailea eta bizipenetatik abiatutakoa izango da, gazteen arteko horizontaltasuna sustatuz. Horretarako, talde dinamikak, ikus-entzunezko baliabideak eta sentsibilizazio ariketa ludikoak erabiliko dira, gorputza eta esperientzia erdigunean jarriz.
Parte hartzea doakoa da, baina aurrez izena eman behar da gaztelekuan.













