Landareak erosteko eguna
Eguraldi onak bultzatuta, barazki landare bila joan da gaur erosle ugari, eta ilara luzeak ikusi dira Plaza Nagusiko hiru salmenta postuetan.
Iritsi da azkenik eguraldi ona, eta barazki landareen hiru salmenta postuetan aparteko mugimendua nabaritu da gaur horregatik Ordiziako ferian. Jendea lanerako gogoz zegoen aspaldi, baina eguzkiak eta beroak ez zuen laguntzen, eta agertu direnean, inork ez du aukera galdu nahi izan. Hori dela eta, landare bila joan dira gaur asko eta asko, eta ilara ederrak ikusi dira Plaza Nagusiaren barruan.
Piperrak, tomateak, kuiak, kuiatxoak, lekak, urazak, zerbak, luzokerrak, berenjenak… aukera zabala dago aspaldi Montes, Iguategi eta Biona postuetan, eta gaurko eskari handiari erantzuteko majo egin behar izan dute lan saltzaileek.
Landare bila joandakoez gain, izan dira erosle gehiago, baita bisitariak ere, eta eguraldi ona lagun, giro polita jarri dute goiz osoan zehar feria gunean eta inguruko kaleetan. Nafarroako Lerin herriko jubilatu taldea eta Donostiako Easo institutuko ikasleak izan dira bisitan, D’Elikatuz zentroko gidarien eskutik.
Urretxuko Iparragirre institutuko ZIG gelako ikasleak ere aipatu behar dira, ikasturteko azken salmenta eguna izan dutelako gaurkoa. Azken hilabeteetan egindako lanari esker, hurrengo astelehenean joango dira Saloura, ondo merezitako ikas bidaian.
Perretxikoak eta zainzuriak
Aldiz, Barcinak, Barandiaranek eta Lasaren postukoek ez dute hutsik egingo datozen asteetan, perretxikoen denboraldia bete-betean dagoelako. Eskaintza ikusi besterik ez dago. Gaur 290 kilo ziza (12 eta 48 euroan kiloa), 100 kilo onddo (26-40 euro), 38 kilo ziza hori (28-35 euro), eta boilurrak (200 euro) jarri dituzte salgai.
Barcinak izan du bestelako produkturik ere: Pirinioetako gari zainzuriak, sorta 5 euroan; eta ahabiak, 12 euroan.
Eta Zuhaiztiko postuak udako frutaz beteta daude azken asteetan. Batean ere ez dira falta gereziak, melokotoiak, brinoiak, albertxikoak eta paraguaioak.
















