Legazpin erabakiko da larunbatean Goierriko bola txapelketa
Txapelketan 40 bolari ari dira parte hartzen, eta Legazpikoa, zortzi tiraldietako azkena izango da. Danantzako bola klubak antolatu du.
Jose Antonio Calvo, Ion Orikain, Enrike Martinez, Alex Martinez, Juan Pedro Agirre eta Juan Mari Iñurritegi, larunbateko saioan jardungo duten Danantzako klubeko kideak. Gorka Gomez Aurtengo Goierriko Bola Txapelketa larunbatean, maiatzak 23, erabakiko da, Legazpin. Urtarrilaren 24an Zerainen abiatuta eta 40 bolariren partaidetzarekin, txapelketaren 36. edizio honen azken saioa Nafarroa kalean dagoen Danantzako bolatokian izango da. Goiz eta arratsaldez izango dira tiraldiak, goizekoak 10:30ean hasita, eta arratsaldekoak 16:30ean. Bukaeran banatuko dira sariak.
Goierriko txapelketa hau eskualdeko bolatoki guztietara iritsi da. Zerainen, Seguran, Gabirian, Olaberrian, Zegaman, Mutiloan eta Idiazabalen jokatu da orain arte, eta Legazpin larunbatean.Txapelketan 40 bolarik parte hartu dute: hiru gaztetxoek, lau emakumezkok eta 33 gizonezkok. Larunbateko tiraldien ondoren erabakiko dira hiru kategorietako irabazleak.
Txapelketan lehian ari den Garbiñe Alustiza zeraindarrak Mutiloako apirileko tiraldiaren aurretik adierazi zuenez, azken saioak «errespetua» ematen du: «Legazpiko bolatokia nahikoa exijentea da, berezia da. Jendeak beldur, kezka edo urduritasun puntu bat badauka finalerako. Nahiz eta sailkapenean goiko postuetan egon, edozer gauza gertatu daiteke».
Legazpiko saio honetan etxeko Danantzako klubeko bolariak ere arituko dira: Jose Antonio Calvo, Ion Orikain, Enrike Martinez, Alex Martinez, Juan Pedro Agirre eta Juan Mari Iñurritegi.
Danantzako elkarteak antolatu du tiraldia, eta txapelak eta opariak jarriko ditu irabazleentzat. Legazpiko Udalaren laguntza izan du antolakuntzako gastuei aurre egiteko.













