Musikaldiak gonbidatuta, 1.700 inguru musika eta dantza ikasle elkartuko dira larunbatean Legazpin
Doinuak udalarekin batera antolatutako topaketak Euskal Herriko 37 musika eta dantza eskola bilduko ditu goizeko partean. Makina bat kalejira eta kontzertu egingo dituzte.
Musikak eta musikariek hartuko dute Legazpi larunbatean. Goizean Musikaldia, Euskal Herriko musika eta dantza eskolen topaketa ospatuko da herri osoan zehar, eta makina bat kalejira eta kontzertu izango dira.
Musikaldia bi urtetik behin ospatzen den topaketa da, eta Legazpik azken edizioan jaso zuen antolaketaren lekukoa Tolosa-Ibarran. Bi urte igaro dira ordutik, eta iritsi da eguna. Larunbatean ospatuko da Legazpiko Musikaldia. Topaketan 34 musika eta dantza eskola elkartuko dira, eta 1.700 musikari eta dantzari inguru bilduko dira.
Egitaraua etxeko Doinua musika eskolak antolatu du, udalaren laguntzarekin eta Euskal Herriko Musika eta Dantza Eskolen Elkartearen zein Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren babes eta finantzazioarekin. Antolatzaileek adierazi dutenez, ekitaldiak «euskal kulturaren eta hezkuntza artistikoaren erakusgarri zabala» eskainiko du, eta topaketa «elkartruke eta ospakizunerako gune paregabea» izango dela aurreratu dute. Herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera eta «goiz osoan zehar musikaz eta dantzaz gozatzera».
Goizean, ekitaldi ugari
Egitarauari goizeko 10:00etan emango diote hasiera, Euskal Herria plazan. Ondoren, instrumentuka osatutako taldeek kalejirak egingo dituzte, kontzertuen aurretik eta ondoren, herriko kaleak girotuz.
Musikaldiak bost gune izango ditu herri osoan zehar banatuta: Euskal Herria plaza, Urbeltz pilotalekua, Kale Nagusia, Agirre-Etxeberri eta Laubideko oinezkoen kalea. Gune horietan, 10:30etik 14:30era bitartean, musika eta dantza emanaldi ugari eskainiko dituzte.













