Amaitu dituzte AP-636 autobidean ezponda egonkortzeko lanak
Ormaiztegin Aranguren Txiki baserria zegoen eremuan egin dituzte lanok. 2024ko luiziaren ondorioz, baserria bota eta eremua egonkortu dituzte. Lanek ia 500 mila euroko aurrekontua izan dute eta hiru hilabetetan egin dituzte.
Aranguren Txiki baserria zegoen lur eremuan Bidegik egindako egonkortze lanak, asteartean Ormaiztegin.Josune Zarandona Amaitu dituzte AP-636 autobidean, Ormaiztegiko Aranguren Txiki baserria zegoen eremuan, ezponda egonkortzeko lanak. Pasa den astean egin zituzten azkeneko txukuntze lanak eta dagoeneko amaitutzat eman ditu Bidegik bertan egin beharreko euste lanak. Obrak 488.947,93 euroko aurrekontua izan dute guztira, BEZ gabe eta aurreikusitakoa baino epe motzagoan amaitu dituzte.
2024ko urtarrilaren 6tik 7rako goizaldean luizi handi bat gertatu zen Aranguren Txiki baserriaren alboan, AP-636 autobidetik oso gertu. Ez zen lehendabizikoa, baina bai kalte gehien sortu zituena. Jon Enrike Ormaiztegiko alkateak kontatu duenez, ingurua kaltetuta geratu zen eta baserria eta hari eusten zion lur eremua erortzeko arrisku handian geratu ziren.
Ezbeharra gertatu eta egun gutxira Bidegiko teknikariak eremua aztertzera joan ziren eta bi aukera jarri zituzten mahai gainean alkateak kontatu duenez: «Bat, baserria bota eta eremuaren egonkortze lan sakon bat egitea, etorkizunean etxebizitza berri bat egiteko aukerarekin; eta bi, baserria mantenduz egonkortze lan arinagoak egitea». Baserriaren jabeak, udala eta Bidegiko teknikariak lehenengoaren aldeko hautua egin zuten, bigarrenak «etorkizunera begira zalantza handiak» sortzen zituelako.
Orografiaren berezitasunak
Ez dira hauek AP-636 autobidearen luze zabalean eremua egonkortzeko egin diren lan bakarrak. Bertako orografiaren ondorioz, «milioi asko» gastatu behar izan ditu administrazioak inguru horretan, «ez bakarrik Aranguren Txikiren pare honetan, baita Zumarragara arteko tarte guztian ere», zehaztu du. «Goitik behera ur asko dakarren eremua da hau, kareharri asko dago eta ondorioz, lurra oso ezegonkorra da», dio.
1994 eta 1995 urteen artean hasi zituzten AP-636 autobidea egiteko lanak eta 1997an amaitu. Ondorioz, Aranguren Txiki baserria tontor baten gainean zintzilik geratu zen. 2009an, baserritik gertu lehendabiziko luizi bat gertatu zen eta Aranguren Txikiko Angel Elorzak kontatu duenez, «harri lubeta handi bat egin behar izan zuten eremua egonkortzeko». Ez zen nahikoa izan ordea, azkeneko lur jausiari eusteko.
Zalantzarik gabe, Aranguren Txikiko familiarentzat prozesu «gogorra» izan da hau. Segurtasuna bermatzeko baserria botatzeko erabaki hartuta, desjabetze prozesua ireki zuen Bidegik. Urtarrilaren erdialdean entregatu zituen familiak baserriko giltzak eta urtarrilaren 28an hasi zituzten eraiste lanak. «Gogorrena familiak bizi izan duen kalbarioa izan da. Etxetik atera behar izan zuten, baserriarekin zer gertatuko zen jakin gabe, etxebizitza berri bat egiteko aukerarik izango zuten edo ez jakin gabe», esan du alkateak.
Momentuz, eremuko segurtasuna bermatzen duten lanak amaitu dituzte, eta familiak, etorkizunean, etxebizitza berri bat egiteko aukera badu, hala nahi izatekotan.























