Haurugby larunbatean jokatuko da Ordizian
Goizetik arratsaldera bitarte jokatuko da, Ordiziako bi zelaietan. Hamalau talde gonbidatu izango dira.
Ordizia Rugby Elkarteak 14 urtez azpikoen 20. Haurugby txapelketa antolatu du aurtengoan ere. Larunbatean, hilaren 23an, izango da, Ordiziako bi zelaietan. Goizetik hasita arratsaldera arte luzatuko da jardunaldia: 10:00etan lehenengo fasea jokatuko da; bigarren fasea 13:15ean hasiko da eta finalak, azkenik, bi mailatan banatuko dira. Zilar mailakoa 16:35ean jokatuko da, eta urre mailakoa, berriz, 16:50an.
2005.urtetik jokatzen den txapelketa da, gaztetxoen errugbian erreferentziazko jardunaldia dena. Urte hauetan guztietan, irabazleen artean izan dira, besteen artean, Burgos, El Salvador, Section Paloise, Aviron Bayonnais eta Biarritz Olympique talde esanguratsuak.
Hamalau talde gonbidatu
Aurtengo edizioa ere maila handikoa izango dela aurreikusi daiteke; izan ere, ez da talde gonbidatu enblematikorik faltako. Hauek izango dira larunbatean Ordiziara gerturatuko diren hamalau taldeak: Euskal Herritik Ordizia, Bera Bera (Donostia), Gipuzkoako selekzioa, Kostaldeak (Donibane Lohitzune, Ziburu, Urruña eta Azkaine), Cambo Ustaritz (Uztaritze) eta Biarritz Olympique (Miarritze) etorriko dira; Herrialde katalanetatik, berriz, BUC (Barcelona) eta Sant Cugat (Barcelona); eta Espainiatik, azkenik, Alcobendas (Madrid), El Salvador (Valladolid), Burgos, Leon eta Kantabriako selekzioa.













