Kulturarteko Jaialdia ospatuko dute bihar Lazkaon
Zazpi herrialdetako arropa, musika, dantza eta janari tipikoak ezagutzeko aukera egongo da. Hain zuzen ere, Mexiko, Ekuador, Errumania, Maroko, Kolonbia, Nikaragua eta Euskal Herrikoa.
Kulturarteko Jaialdiko Aljeriako postua 2024an.Lazkaoko Udala Kulturarteko Jaialdia dela eta, ekintza ezberdinak antolatu dituzte Lazkaon, bihar, 17:00etatik 19:30era. Lazkaon bizi diren jatorri ezberdinetako jendea elkartzeko asmoarekin antolatzen dute ekimena bigarren aldiz Lazkao Anitzak, Lazkaoko ikastolak eta Lazkaoko Udalak.
Arropen erakusketa batekin ekingo diote jaialdiari, 17:00etan. Bertan, jantzien arteko «elkarrizketa» bat sortzea dute helburu, Armando Velez jaialdiaren antolatzaileetako batek azaldu duenez. Horretarako, «15 pertsonek» parte hartuko dute erakusketan «zazpi herrialdetako» arropak erakutsiz. Ordu erdi iraungo du erakusketak, eta beste hainbat ekintzekin jarraituko dute.
Piñata mexikarra eta zaku lasterketa jolasak izango dira haurrentzat, 17:30ean. Gainera, marokoar henna –azala pintatzeko erabiltzen den tinta naturala–, marokoar taloa (msemen) eta euskal taloa egiten ikasteko tailerrak ere egongo dira.
Jaialdiarekin amaitzeko Ekuadorreko zein Nikaraguako musika eta dantzak erakutsiko dituzte herrialde horietako jaki eta edari tipikoak probatzeko aukerarekin batera. Kolonbia, Maroko, Errumania, Mexiko eta Euskal Herrikoak ere dastatu ahal izango dira.
Kultura ezberdinak elkartuz
Lehenengo aldiko, 2024ko lehen kulturarteko jaialdia «oso ondo» atera zela adierazi du Velezek. Lazkao Anitza ekimenaren helburu nagusia Lazkaon jatorri ezberdinetako herritarren arteko «elkarbizitza» eta kohesioa «sustatzea» dela azaldu du. Lehenengo edizioan baino herrialde gehiagok parte hartuko dute biharko jaialdian, eta espero dute gehiagora joaten jarraitzea.
Ekimenaren beste helburu bat Lazkaoko herritar, erakunde eta eragile desberdinen ikuspegiak «bateratzea» eta «elkarrekin» lan egitea dela ere jakinarazi du: «Bide horretan guztiek eraldatzaile eta hezitzaile izatea nahi dugu. Kulturaniztasunean oinarritutako ahalduntze prozesu bat bultza dezaten, beraien partehartzea eta inplikazioa sustatuz».
Lazkao Anitza ekimenaren hirugarren helburua «Lazkaora iristen diren pertsona guztiei ingurunea eta bertako bizimodua ezagutzen laguntzea da» azpimarratu du Velezek. Horrela, «hiritar aktiboak» izango dira. Hori lortzeko, erantzun «integral» bat ematea eta sare-lana «sustatzea» ezinbestekoa dela dio, «herritarren arteko elkartruke eta kohesioa ahalbidetu nahi dugu».
«Lazkaora iristen diren pertsona guztiei ingurunea eta bertako bizimodua ezagutzen laguntzea da helburua»
Armando Velez. Kulturarteko Jaialdiaren antolakuntzako kidea
Lazkaoko ikastolak bultzatutako ekimena da, eta lehen aldiz ikastola «barruan» egin zuten, Velezek dioenez: «Ekintza herriko plazara ateratzea erabaki zen ikastolara bakarrik ez mugatzeagatik».
29 jatorritako lazkaotarrak
Lazkaoko biztanleria asko hazi da azken urteetan. Hazkunde horrek, bertara bizitzera kultura eta jatorri ezberdinetako jendea ekarri du. Hain zuzen ere, 29 jatorri ezberdinetako lazkaotarrak bizi dira euskal herritarrez gain. Velezek horiek aipatu ditu: «Alemania, Bulgaria, Frantzia, Italia, Polonia, Portugal, Irlanda, Erresuma Batua, Errumania, Errusia, Ukrania, Aljeria, Maroko, Nigeria, Senegal, Argentina, Bolivia, Brasil, Txile, Kolonbia, Mexiko, Ekuador, Nikaragua, Peru, Dominikar Errepublika, Uruguay, Venezuela, Txina eta Pakistan».












