Saskibaloi txapelketa herrikoian izena eman daiteke dagoeneko
Ekainaren 3a izango da izena emateko azken eguna, eta hurrengo egunean egingo da taldeen zozketa, Barrenan.
Barandiaran plazan jokatzen dira saskibaloi txapelketak.Loinaz Agirre Futbol eta pilota txapelketa herrikoiak hasita, Ordiziako 43. lagunarteko saskibaloi txapelketa herrikoiak ere hasi du bere ibilbidea, edizio berrirako izen-ematea irekita. Majori kiroldegian, Amonane, Sugaar eta Urdin tabernetan, eta Instagram bidez @saskikuadrilak kontura idatzita egin daiteke, taldearen izena, arduraduna eta telefono zenbakia adierazita. Dohainik da izen-ematea.
Ekainaren 3a izango da izena emateko azken eguna, eta hurrengo egunean egingo da taldeen zozketa, ekainaren 4an, Barrenan. Festen aurretik jokatuko da finala, uztailaren 16an.
Iaz, 30 taldek parte hartu zuten; azken urteetako kopururik handiena. Mokela eta Tzulo taldeen arteko lehia izan zen finalean, eta azkenerako, Mokela nagusitu zen, 73-45 gailenduta.













