Urteroko ohitura berrituko dute asteburuan Arantzazuko erromesaldian
Maiatzaren 24an eta 25ean egingo dute zegamarrek urteroko bisita Arantzazura, Pazko Bigarrenarekin.
Zegamako erromesak Eskistako txabola inguruan bazkaltzen, iazko peregrinazioan.Zegamako Udala Arantzazura erromesaldia egingo dute maiatzaren 24an eta 25ean zegamarrek. Goizean goiz irtengo dira erromesak Zegamatik igandean, Arantzazurako bidea oinez egiteko. Gainontzekoentzat bi autobus jarri ditu udalak apeaderoraino: 9:00etan eta 10:00etan. Zuzenean Arantzazura joateko beste autobus bat ere izango da, 17:00etan. Oinezkoek Eskistako txabolan egingo dute bazkaria udalak eskainita eta 17:00etan ekingo diote berriz Arantzazurako bideari. 20:00etan arrosarioa izango da Santutegian eta 21:00etan afaria. Herrira itzultzeko autobusa 19:00etan irtengo da.
Astelehenean, 8:45ean irtengo da Arantzazurako autobusa. Herritarrak Goiko Bentan elkartuko dira 10:15ean Arantzazun, eta Santutegiraino prozesioan joango dira herriko agintari eta txistulariek lagunduta. Meza izango dute gero, 10:30ean eta ondoren, taldeko argazkia aterako dute. Bazkalondoren, 15:30ean aterako dira oinezkoak Zegamara. Autobusean itzulera 16:30ean da. Beherakoan, Oazurtzan meriendatu eta 19:00etan herritarrek ongi etorria egingo diete San Bartolome ermitan. Amabirjinari ongi etorria egingo diote gero Zupurrutin eta ondoren, prozesioan joango dira San Martin parrokiaraino txistulariek lagunduta. Otartekoak eta ardoa banatuko dituzte plazan 19:30etik aurrera eta afaria 21:00etan izango da arkupeetan.
Iazko erromesaldiko hainbat une. ZEGAMAKO UDALA






















