Dantzari Txiki Eguna ospatzen ari dira Ordizian
Goizeko saioaren ostean, 15:30ean haur jolasak izango dira, eta 18:00etan, ‘Hamaikua’ dantza ikuskizuna.
Dantzariak Barandiaran plazan. Ordiziako Dantza Asteburua borobiltzeko, Dantzari Txiki eguna ospatzen ari dira gaur.
Barandiaran plazan elkartu dira goizean goiz hainbat dantza taldetako kideak: Urdaneta (Ordizia), Oin Arin (Lazkao), Irrintzi Alai (Legorreta), Iztueta (Zaldibia), Herri Ametsa (Donostia), Axari (Idiazabal) eta Amets Bide (Ordizia) taldeetako dantzariak, hain zuzen ere. 11:30ean desfilea egin dute herriko kaleetan barrena, eta ondoren, alardea egin dute plaza berean.
14:00etan bazkaltzeko geldialdia egin dute, arratsaldeko ekintzei indarberrituta ekiteko asmoz. Elkarrekin bazkaldu ostean, 15:30ean haur jolasak izango dira, eta egunari amaiera emateko, 18:00etan, ‘Hamaikua’ dantza ikuskizuna eskainiko dute Plaza Nagusian, Ibarrako Alurr dantza taldearen eskutik.
Argazkiak eta irudiak: Iñaki Gurrutxaga













