Jakingura jaialdia, ekainaren 5ean Beasainen
'Jakingura eta eraldaketa' mahai ingurua izango da aurrena, Nerea Elias, Iñigo Aranburu, Joxepa Madariaga eta Maialen Olanoren parte hartzearekin. Ondoren, Eider Saezek kontzertua egingo du.
Ezker-eskuin: Nerea Elias, Maialen Olano, Iñigo Aranburu eta Joxepa Madariaga.Hitza Kutxa Fundazioaren Jakingura jaialdia Gipuzkoako zenbait herritan izango da ekainean. Tartean, Beasainen ekainaren 5ean egingo du geldialdia. Antolatzaileen hitzetan, “pentsamendu kritikoa, galderak egiteko beharra eta jakin-mina ezagutzaren erdigunean jartzera dator” ekimena.
Lehena izango da Beasaingoa; ondoren, Bergaran egingo dute ekainaren 12an, eta Donostiako Tabakaleran ekainaren 19an.
Hau izan da Kutxa Fundazioak jakitera eman duenez ekimena antolatzeko abiapuntua: “Zer leku du jakin-minak informazio eskerga, abiadura handia eta erantzun azkarrak nagusi diren gizartean?”. Horretarako, jakin-mina pentsamendu kritikoarekin lotuko dute jaialdian, eta hiru eguneko programak askotariko profilak jarriko ditu elkarrizketan, “hezkuntzatik filosofiara, zientziatik ekonomiara, kazetaritzatik sorkuntzara eta kulturatik arte eszenikoetara jauzi eginez”.
Beasaingoa Igartzako Monumentu Multzoan egingo dute. Jakingura eta eraldaketa mahai ingurua izango da aurrena, Nerea Elias (Biziola Kooperatiba), Iñigo Aranburu (estilista eta irratiko kolaboratzailea), Joxepa Madariaga (Gerriko Kultur Elkartea) eta Maialen Olanoren (moda diseinatzailea – Migdäla) parte hartzearekin. Ondoren, Eider Saezek kontzertua egingo du.
Parte hartzeko izen-ematea irekita dago, Kutxa Fundazioaren webgunean. Jaialdiaren bidez, “ezagutzara beste ertz batetik hurbiltzeko gonbita” egin nahi du fundazioak, “diziplinen arteko elkarrizketak eta herritarren parte-hartzea sustatuz”.













