Katixa Agirreren ‘Barne zerbitzuak’, Goierriko irakurleen 8. topaketan
Herriko Azpilla dantza taldeak, Segurako txistulariek eta Segurako abesbatzak ere hartuko dute parte larunbateko saioan.
Goierriko irakurleen 7. topaketa iaz Ormaiztegin, Joseba Sarrionandia idazlearekin. Aimar Maiz Goierriko irakurleen VIII. topaketa Seguran ospatuko da lehenengoz, larunbatean, herriko irakurle taldeak antolatuta. Katixa Agirreren Barne zerbitzuak eleberriaren bueltan elkartuko dira, idazlea ere bertan dela. Emakumeek 36ko gerran egin zuten ezkutuko lana da eleberriaren hari nagusia. Literatur tertulia izango da topaketaren erdigunea baina bestelako ekintzak ere badituzte prestatuta.
Topaketa hau irakurzaletasuna bultzatzeko eta irakurtzeak ematen duen gozamena eskualdeko beste irakurle taldeekin partekatzeko helburuz sortu zen. Goierriko 13 herri ezberdinetako irakurle taldek hartuko dute parte larunbatean. Legorretako talde sortu berria ere, lehen aldiz izango da eskualde mailako topaketan.
Larunbateko egitaraua
Azpilla dantza taldeak eta Segurako txistulari taldeak ongi etorria egingo die hasteko, irakurleei. Jarraian, 8-10 pertsonako lantaldetan bilduta liburuaz arituko dira eta ondoren, idazlearekin partekatuko dituzte jasotakoa. Segurako abesbatzak borobilduko du saioa; Katixa Agirreri omenaldia egingo diote eta mokadutxoa egingo dute amaitzeko. Datorren urtean topaketa antolatzeko ardura izango duen taldea zein den ere orduan argituko dute.
Urteak dira Segurako irakurle taldea sortu zela eta gaur egun, 12 bat kidek osatzen dute. Urtero hiruzpalau aldiz elkartzen dira liburu baten bueltan, eta aurten 60. juntadizora iritsi dira. Irakurle taldetik adierazi dutenez, euskarazko eleberriak izaten dituzte aztergai batez ere, baita itzulpenen bat edo beste, tarteka. Tertulia guztietan idazlearen parte hartzea izaten dute beti.













