'Korrika ezin dutenengatik' Lazkaon eta Beasainen
Lazkaon hasiko da ostiralean, eta Beasainen jarraituko du larunbatean. Fernando Magaldik egingo du erronka gaixotasun arraroei eta desgaitasunei irisgarritasuna emateko.
Asteleheneko prentsaurrekoa Lazkaon.Manex Usarralde Fernando Magaldik herri ezberdinetan kilometroak korrika eginez, gaixotasun arraroak eta desgaitasunak «plazaratzeko» helburua dauka. Korrika ezin dutenengatik erronka hasiko da Lazkaon ostiralean, eta Beasainen jarraituko du larunbatean. Bi kasuetan 08:00etan hasi eta 14:00etan amaituko da. Elkartasunezko erronkari uztailaren 5ean Quintana de Toranzon (Kantabria, Espainia) emango diote bukaera.
Bakuntza aisialdi taldea erronka horretara batu da eta egitasmoaren prentsaurrekoa egin zuten astelehenean Lazkaon. Goretti Etxeberria Bakuntzako ordezkariak «ikusten ez dena, ez delako ezagutzen eta ezagutzen ez dena, ez delako ikertzen» esaldia erabili zuen erronka aurkezteko.
Etxeberria eta Magaldiz gain, Kepa Zubiarrain Lazkaoko eta Leire Artola Beasaingo alkateek hitz egin zuten. Guztiek erronkan parte hartzera «deitu» zuten. Bakuntzako kideak gehitu zuen: «Berdin dio metro bat edo 200 kilometro egiten dituzun». Bakuntzaren ustez «benetan polita» izango litzateke «azken» kilometroa Magaldirekin batera egitea, eta berarekin helmugaratzea. 13:30ak inguruan izango da.
Zubiarrainek korrikalariak erakusten duen gizartearekiko «konpromisoa» goraipatu zuen. «Fernandok korrika eginez erakutsi digu bizitzako zailtasunei aurre egiten». Goierri Magaldiren Kantabriako herriarekin «lotuko» dutela, gehitu zuen Lazkaoko alkateak. Artolak, berriz, Bakuntzari «eskerrak» eman zizkion «ekimenaren» parte izaten uzteagatik.
Fernando eskertuta
Korrikalariak ere Bakuntzari «eskerrak» eman zizkion Lazkaoko prentsaurrekoan: «Gorputzak uzten didan bitartean horrelako elkarteengatik korrika jarraituko dut». Aisialdi taldea balorean jarri zuen korrikalariak esanez elkarte guztiak ez direla Bakuntza bezalakoak: «Bizitzan gauzak lortzeko mugitu egin behar da».
Gehitu zuenez, «sare sozialetan jarraitzen banauzue jakingo duzue beti pentsatzen dudana esaten dudala: eskerrik asko bi udalei niretzat ekintzek dutelako balioa».
Magaldi Euskal Herrian oso «maitatua» sentitzen dela adierazi eta etorkizunean etortzen «jarraitzeko» asmoa plazaratu zuen: «Errioxan esan beharra daukat geroz eta gutxiago sentitzen naizela maitatua».
Hurrengo erronka
Amaitzeko, Magaldik hurrengo erronka zein egingo duen aurreratu zuen: «660 kilometro etenik gabe egingo ditut gaixotasun arrarodun bi haur dituen Aramendiako (Nafarroa) familia baten alde». Sei egun eta sei gau egingo ditu korrika.
Haur horiek duten gaixotasunak «13 urteko» bizi itxaropena daukala adierazi zuen korrikalariak: «Umeetan zaharrenak 10 urte dauzka». Familia horrek urtean 50.000 euro behar ditu gaixotasun hori ikertzeko.
Magaldi korrikalaria Santiagoko Obradoiroko (Galizia) enparantzatik abiatuko da irailaren 13an, eta Lizarran (Nafarroa) amaituko du irailaren 20an. 660 kilometro egingo ditu 6 egun eta 6 gauez.













