Legorretarrek herriari egindako lana taularatuko dute larunbatean
Herriak ala eskatuta, bi emanaldi egingo dituzte, 17:00etan eta 19:30ean, antzokian.
Legorretako Antzerki Talde berriko kideak, entseguetako batean. Hitza Legorretak kultur ekimen berri bati emango dio hasiera ofiziala. Xabin Fernandezen gidaritzapean sortu berri den Legorretako Antzerki Taldeak bere lehen emanaldia eskainiko du larunbatean herri antzokian. Bi saio egingo dituzte, 17:00etan eta 19:30ean, eta Zer gertatu zen Legorretan 1926ko maiatzaren 30ean? izeneko obra taularatuko dute, duela mende bateko Legorreta abiapuntutzat hartu eta garaiko giroa oholtzara ekarrita. Gonbidapenen bitartez beteko dute herri antzokia.
Egitasmoaren sorrera herritarren ekimenez abiatu zela azaldu du Fernandezek: «Herriko jai giro batean herritar batek antzerkia egiteko gogoa zuela aitortu zidan ahoz-goran, eta hark izandako ausardia nahikoa izan zen gerora olatura herritar gehiago batzeko». Proposamen hartatik abiatu zen proiektua. Ordura arte Fernandezek ez zuen sekula horrelako egitasmorik martxan jartzea planteatu, baina deialdi ireki bat egitea erabaki zuen, herrian benetako interesik bazegoen ikusteko.
Hamabi pertsonako taldea
«Espero baino jende gehiagok» erantzun zion deialdiari, eta hamabi pertsonako antzerki tailerra martxan jartzera eraman zituen. Gazteak, helduak eta haurrak elkartu zirenez, bi talde osatu zituzten: ume zein nerabeena, eta helduena. Larunbateko emanaldia helduek ondu dute; gaztetxoen lana ere prestatzen ari direla aurreratu du Fernandezek, baina «aurrerago» aurkeztuko dute.
«Herriko jai giro batean herritar batek antzerkia egiteko gogoa zuela aitortu zidan ahoz-goran, eta hark izandako ausardia nahikoa izan zen gerora olatura herritar gehiago batzeko»
Xabin Fernandez. Antzerki taldearen gidaria
Geroztik, ostegun arratsaldeetan elkartzen aritu dira entseguetarako, nahiz eta estreinaldia gerturatu ahala, ordu gehiago ere eskaini behar izan dizkioten prestaketari. Fernandezen hitzetan, prozesua bera izan da egitasmoaren alderdi aberasgarrienetako bat: «Herriko profil ezberdinetako pertsonak elkartuko ditu antzerkiak, eta eboluzioa ikaragarria izan da; askoren aurreneko antzerki esperientzia izanda, hasierako lotsa eta urduritasuna gaindituz joan dira astez aste».
Emakumeak erdigunean
Zapatuan taularatuko duten lana ere «sormen kolektibotik» sortu da. Obraren abiapuntua ikasturte hasieran egindako inprobisazio ariketetan dago; ariketa haietan sortutako ideietatik garatu dute oholtzara eramango duten istorioa. 1926ko Legorretan kokatu dira, Los locos 20 deituriko garaian, eta emakume talde bat dago istorioaren erdigunean.
Antzezlanak kontatzen du nola Legorretako eta inguruko hainbat emakume elkartu ziren garaiko ohiko etxeko lanetatik harago bestelako jarduerak egiteko asmoz. «Ontza Kluba» izeneko elkarte moduko bat sortu zuten, eta hortik abiatuta eraiki dute antzezlana. Herriko pasadizoak eta garaiko giro soziala uztartzen ditu obrak.












