Proba bat gehituta jokatuko da asteburuan 32. Gipuzkoa Klasikoa
Ormaiztegiko Irizar sariak emango dio hasiera larunbatean. Gabiriako erlojupekoa, aurtengo berrikuntza. Klasikoa ohi bezala Donostiako Egia auzoan amaituko da, igandean.
32. Gipuzkoa Klasikoaren aurkezpena, gaur goizean Ormaiztegin. Josune Zarandona 32. Gipuzkoa Klasikoa Goierrin hasiko da berriz. Asteburu honetan jokatuko da UCI mailako txirrindulari juniorren lasterketa etxeko eta nazioarteko talde onenen parte hartzearekin. Orain arteko formatuari berrikuntza bat gehitu dio aurten Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak, mendiko eta errepideko etapa banari erlojupeko bat gehituta. Mendiko etapak emango dio hasiera klasikoari Ormaiztegiko Irizar sariarekin larunbat goizean, eta arratsaldean lehiatuko dute erlojupekoa Ormaiztegi eta Gabiria arteko errepidean. Klasikoa urtero bezala, Egian (Donostian) amaituko da errepideko etapa erabakigarrian.
Gaur goizean aurkeztu dute Ormaiztegin lasterketa. Santi Osoro Euskadiko Txirrindularitza Federazioko lehendakariak egin ditu aurkezle lanak. Gipuzkoako Txirrindularitza Federaziotik lasterketako zuzendari orokorrak, Abraham Olanok, Jon Enrike Ormaiztegiko alkateak eta Niko Osinaldie Goiturreko zuzenariak ere parte hartu dute agerraldian.
Osorok Klasikoa bezalako lasterketa batek nazioartean duen «garrantzia» azpimarratu du, aurten aurkeztutako formatu berria «oso erakargarria eta borobila» dela iritzita. Nazioartean gustatu zaie Gipuzkoako Klasikoaren proposamen berria eta Osorok aurreratu duenez, «UCI mailako ikuskari bat izango da asteburuan probaren antolaketari buruzko informazio jasotzen, hurrengo urteko egutegi berrian txertatzeko helburuarekin».
Etxekoentzako lasterketa
Lasterketa honekin nazioarte mailako aurkariekin neurtzeko aukera eman nahi die Gipuzkoako federazioak bertako txirrindulariei, hori da helburu nagusia Olanok nabarmendu duenez. Nazioarteko 18 taldek eta Iparraldeko, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako selekzioek hartuko dute parte, besteak beste lasterketan. Ormaiztegiko etapa «gogorra» izango dela aurreratu du, «hor ikusiko da faboritoen nagusitasuna eta litekeena da Ormaiztegiko etapan erabakitzea lasterketaren irabazlea», gehitu du. Amaiera ere ez da nolanahikoa izango, «Egiako etapak errepide estuak, aldapa gogorrak eta min handia egin dezakeen amaiera bat izango du», aurreratu du.
Ormaiztegi eta Goierri munduko mapan kokatzeko baliagarria izango da lasterketa eta zentzu horretan «oso eskertuta» agertu da alkatea. Txirrindularitza Ormaiztegin «oso errotuta» dagoen kirola dela gogorarazi du eta herriko etaparen antolaketan parte hartzen ari diren herriko boluntarioen lana goraipatu du. Osinalde ere nazioarte mailako lasterketa bat eskualdean egitearen garrantziaz aritu da, «kirol turismoa etorkizuneko turista berriak erakarri eta fidelizatzeko aukera paregabea da», esan du.
Lasterketa streaming bidez jarraitzeko aukera izango da asteburuan Ormaiztegiko Udalaren web gunean eta sare sozialetan. Amaitzeko Irizar, Laboral Kutxa, Ormaiztegiko Udala, Orbea, aldundia, Petritegi eta Goitur babesleen laguntza nabarmendu du Osorok.














