Suso Romerok ez du Ampo Ordiziako entrenatzaile jarraituko
Sevillarra denboraldi batez aritu da entrenatzaile lanetan Ordizia Rugby Elkartearen lehen taldean.
Suso Romero Ampo Ordiziako entrenatzaile berria.J.C. Ogazon Suso Romero sevillarrak ez du Ampo Ordiziako entrenatzaile izaten jarraituko. Hala jakinarazi du Ordizia Rugby Elkarteak sareetan zabaldutako komunikatuan.
2025eko maiatzaren 3an jakinarazi zuen klubak Romeroren fitxaketa, aurrez taldearen entrenatzaile lanetan hiru urtez aritu zen Federico Eduardo Gallo argentinarraren lekukoa hartuta. Denboraldi bakarra egin du lehen taldean, baina nahikoa izan da taldean arrastoa uzteko. Mezu hunkigarri baten bidez agurtu du klubak entrenatzailea, denboraldi osoan zehar egindakoagatik eskerrak emanda.
Honela dio sare sozialetan argitaratu duten komunikatuak:
“Ordiziara anbizio handiko entrenatzailea zinela iritsi zinen, izaera eta ideia argiarekin: harrobia lantzea eta klub honen balioak defendatzea. Eta lehen egunetik nabaritu zen.
Denboraldiaurre polita izan zen, ilusioz eta lanez betea, nahiz eta gero hasiera gogorra izatea egokitu zen, lesio eta ezusteko askorekin. Baina aurten zerbait erakutsi baduzu, zure izaera, konpromisoa eta zailtasunei aurre egiteko modua izan da, etxetik eta familiatik urrun, baina beti Ordizia Rugby familia txiki honek lagunduta.
Arrastoa utzi duzu taldeko, klubeko eta zurekin bidea partekatu duten taldekide bakoitzean. Hori ez da lortzen entrenatuz bakarrik; pertsona handia izanda lortzen da.
Benetan, eskerrik asko guztiagatik Suso! Egunen batean gure bideak berriro gurutzatzea espero dugu”.

Screenshot













