Alegazio epe barruan dago HAPOa Ataunen
Alegazio epeak 45 egun baliodun irauten ditu. Maiatzaren 9an hasi zen, eta uztailaren 10ean amaituko da.
San Gregorio auzoko eliza eta apizetxea.Aimar Maiz Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) zehazten ari dira Ataunen. Alegazioak egiteko 45 eguneko epe barruan dago lanketa. Uztailaren 10ean amaituko da. Dena den, Martin Aramendi Ataungo alkateak dioenez, «ez ditugu alegazio asko espero».
Ataunen HAPOrik ez zeukatela azaldu du Aramendik. «Arau subsidiarioak genituen, eta 2005eko abenduan argitaratu ziren azkeneko aldiz». Ordutik, 19 urte igaro dira, eta gizarteak aldaketak «jasan» dituela dio.
Udal gobernuari antolamendu plana mahai gainean jarri zuenean, auzoetan bilerak egiten hasi zirela gogoratu du alkateak. «Auzoetan jasotako iritziak kontuan hartuta ildo nagusiak adostu genituen. Deliberazio eguna deitu genion ekimenean».
Deliberazio ekimenean «50» lagun bildu ziren, «goiz eta arratsaldez». Zenbat arau subsidiario bete diren, zenbat ez, eta bete ez direnak aldatu edo martxan jarraitu behar duten ere adostu zuten.
Lehen diagnostikoa «sendoa» izatea da alkateak alegazio «asko» ez izatea ustearen zergatia: «Ataundarren proposamenak eta iradokizunak orduan baloratu eta sartu genituen HAPOan». Denen gustura «ezingo» dutela egin badio ere, aurreratu du Aramendik, «herriaren mesederako erabakiak hartzen saiatuko gara».
Kezka nagusiak
Herritarren kezkak bi multzotan banatu ditu Ataungo alkateak: «Batetik, jendearen kezka partikularrak, eta bestetik, herri osoari begirakoak».
Lehenengo multzoan jendea gehien «etxebizitzak» arduratzen duela esan du. «236 etxe huts» inguru daudenaren datua eman du Aramendik. Horregatik, ez dute «zentzuzkoa» ikusten gehiago eraikitzea. Etxebizitza horietako asko «bizitzera» joateko moduan ez daudela, eta «berrikuntza» behar dutela aitortu du alkateak: «Jaurlaritzak horri aurre egiteko dituen laguntzen eta planen informazioa herritarrei helarazten saiatzen gara».
Bigarren multzoko kezka nagusia «nekazaritzan» dagoela ohartarazi du alkateak. «Baserriak husten ari dira». Horri irtenbide bat emateko udalak nekazaritzarako egokiak diren lur sailak «babestu», eta Balio Agrologo «handiko» izendatu dituela nabarmendu du Aramendik: «Hortara dedikatu nahi duenari aukera bat eman nahi diogu».
HAPOren onespena
45 eguneko alegazio epea uztailaren 10ean bukatuko da. Behin alegazioak aurkezteko epea amaitzean, aurkeztu dituztenei banan-banan erantzun zaie. Eta horiei erantzun ondoren arauak idatziko dituzte. «Behin arauak idaztean espero dugu azaro-abendu aldera izango dela, udalak onarpena emango genioke. HAPOa Gipuzkoako Foru Aldundira, Eusko Jaurlaritzara, Ur onespenera… bidaliko genuke eta onespena ematen diotenean faltako litzateke Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea», zehaztu du Aramendik.













