Alkate makilen trukea berrituko dute, igandean, San Adriango erromesaldian
Idiazabaldarren taldeko argazkia iaz, San Adriango kobazuloan. Idiazabalgo Udala San Adriango erromesaldiarekin urtero duten hitzordua errepikatuko dute igandean idiazabaldarrek. Goizen goiz, 7:30ean abiatuko dira erromesak herriko plazatik. Autobusez egingo dute Otsaurterainoko bidea eta handik oinez abiatuko dira San Adrianera; 9:30ean dute aurreikusita bertara iristea. Behin helmugan, arbasoen usadio zaharrei keinu egiteko anisa banatuko dute eta taldeko argazkia aterako dute ondoren.
Beherakoan Zegaman lehenengo (12:00) eta Seguran ondoren (13:00), geldialdia egingo dute idiazabaldarrek. Zegaman, Gurutze Santuaren ermitaren ondoan egingo diete ongietorria idiazabaldarrei eta Iñaki Alberdi eta Iker Zubeldiak alkate makilak trukatuko dituzte. Handik jai giroan joango dira Segurara eta bertan Izarra Urdalleta alkatearekin errepikatuko du Alberdik trukearen ohitura.













