Kluben arteko 3x3 txapelketa jokatuko da larunbatean Beasainen, 17 urtez azpikoetan
Denboraldiko sariak banatuko ditu Euskal Saskibaloi Federazioak. Goierritarrak daude irabazleen artean. Ekainaren 12an 20 urtez azpiko emakumeen Euskal Selekzioak Eslovakiaren aurka jokatuko du, eta gizonezkoenak entrenamendu saioak egingo ditu.
Koldo Arsuaga Euskal Saskibaloi Federazioko ordezkaria, Leire Artola Beasaingo alkatea eta Joxe Mari Arrospide BKL-ko presidentea, Beasaingo udaletxearen aurrean.Laida Goiburu Badira urte batzuk BKL klubaren, Euskal Saskibaloi Federazioaren eta Beasaingo Udalaren bidez Euskal Selekzioen saskibaloi ekitaldiak egiten direla Beasainen. Aurten ere egingo dituzte batzuk, eta gaur eman dute horien berri Beasaingo udaletxean Leire Artola alkateak, Joxe Mari Arrospide BKL-ko presidenteak eta Koldo Arsuaga Euskal Saskibaloi Federazioko eta Tolosako TAKE klubeko ordezkariak, hiru erakundeen arteko lankidetza azpimarratuta. Lehen ekitaldia asteburuan izango da, larunbatean: kluben arteko 3×3 txapelketa 17 urtez azpikoetan, Antzizar kiroldegian.
Nesken zortzi talde ariko dira, eta mutilen beste zortzi talde. Goizean nesken artekoa jokatuko da, eta arratsaldean mutilen artekoa. Goizean, nesken finala jokatu aurretik, denboraldiko sariak banatuko ditu Euskal Saskibaloi Federazioak. Ohi bezala, sari banaketa horretan hiru pertsona omenduko dituzte, saskibaloiari egindako ekarpenagatik Gipuzkoa, Araba eta Bizkaitik banari; Gipuzkoako saria Ordiziako Pedro Etxarriri emango diote, Arabakoa Alfredo Salazarri –Baskonian urte luzez lan egindako dela azaldu du Arsuagak– eta Bizkaikoa Indautxuko Txiki Arzari.
Etxarriz gain, goierritar gehiago daude sarien irabazleen artean: Hector Gutierrez (Ordizia Orkli) Euskal Ligako junior mutilen entrenatzaile onena izendatu dute, Xabier Gorostegi (Ordizia Kuko Jatetxea) Euskal Ligako kadete nesken entrenatzaile onena, Elorri Garcia (Ordizia Orbinox) Euskal Ligako junior neska jokalari onena eta Natale Ena (Ordizia Kuko Jatetxea) Euskal Ligako kadete neska jokalari onena.
Larunbatekoa “egun osoko topaketa” izango dela-eta, “jendea inguratzera” animatu du Arrospidek.
Eslovakia Beasainera, Euskal Selekzioa Portugalera
Ekainaren 12an, berriz, 20 urtez azpiko emakumeen Euskal Selekzioak Eslovakiaren aurka jokatuko du Beasainen. Egonaldia hiruzpalau egunekoa izango dela azaldu du Arsuagak; ekainaren 10ean iritsiko dira, hilaren 11n Zarautzen jokatuko dute, eta hilaren 12an Beasainen.
20 urtez azpiko mutilen Euskal Selekzioa ere Beasainen izango da ekainean. Portugalen jokatuko dute txapelketa bat Hungaria, Txekia eta Portugalekin, eta hori prestatzeko egonaldia egingo dute Beasainen. Arsuagak azpimarratu du mutilen 20 urtez azpiko selekzioan harrobiko bi jokalari daudela: Amets Irastortza eta Auritz Armendariz. BKL-ko jokalariak izandakoak dira, eta egun TAKE Tolosan jokatzen dute.
Eslovakiarekin urteak dira elkarlanean ari dela Euskal Saskibaloi Federazioa. Beste herrialde batzuekin lan egitea da federazioaren helburua, baina “ez da erraza” Arsuagak azaldu duenez.”Ofizialtasuna bilatzen dute askotan, ez da lan erraza”. Horregatik, mutilen 20 urtez azpiko selekzioak Portugalen jokatuko duen txapelketan azpimarra egin du Euskal Saskibaloi Federazioko ordezkariak, beste bide batzuk ireki daitezkeelako: “Horregatik da garrantzitsua, Hungaria, Txekia eta Portugalekin ariko garelako”.

Kluben arteko 3x3 txapelketako gakoak
Nesken artekoa
- A taldea: Bilbao Basket Fundazioa, CB Araba, Lointek Gernika eta Easo Basket Irulea.
- B taldea: Ordizia Kuko Jatetxea, Fundibide ISB, Baskonia eta Tabirako Fem 3×3.
- Taldekako kanporaketa partidak:
- 10:00. Bilbao Basket Fundazioa-CB Araba eta Ordizia Kuko Jatetxea-Fundibide ISB
- 10:15. Lointek Gernika-Easo Basket Irulea eta Baskonia-Tabirako Fem 3×3
- 10:30. Bilbao Basket Fundazioa-Lointek Gernika eta Ordizia Kuko Jatetxea-Baskonia
- 10:45. CB Araba-Easo Basket Irulea eta Fundibide ISB-Tabirako Fem 3×3
- 11:00. Easo Basket Irulea-Bilbao Basket Fundazioa eta Tabirako Fem 3×3-Ordizia Kuko Jatetxea
- 11:15. CB Araba-Lointek Gernika eta Fundibide ISB-Baskonia
- Finalaurrekoak:
- 11:45. A taldeko lehena B taldeko bigarrenaren aurka, eta B taldeko lehena A taldeko bigarrenaren aurka.
- Finala:
- 13:15. Finalaurrekoetako irabazleak.
Mutilen artekoa
- A taldea: Araberri Basket Club, Easo Basket Urremai, Antigua Luberri KE eta Tabirako Masc 3×3.
- B taldea: Bilbao Basket Fundazioa, Jotake, Hondarribia Ikasbasket eta Centro de Estudios Mikeldi USK
- Taldekako kanporaketa partidak:
- 16:30. Araberri Basket Club-Easo Basket Urremai eta Bilbao Basket Fundazioa-Jotake
- 16:45. Antigua Luberri KE-Tabirako Masc 3×3 eta Hondarribia Ikasbasket-Centro de Estudios Mikeldi USK
- 17:00. Araberri Basket Club-Antigua Luberri KE eta Bilbao Basket Fundazioa-Hondarribia Ikasbasket
- 17:15. Easo Basket Urremai-Tabirako Masc 3×3 eta Jotake-Centro de Estudios Mikeldi USK
- 17:30. Tabirako Masc 3×3-Araberri Basket Club eta Centro de Estudios Mikeldi USK-Bilbao Basket Fundazioa
- 18:00. Easo Basket Urremai-Antigua Luberri KE eta Jotake-Hondarribia Ikasbasket
- Finalaurrekoak:
- 18:15. A taldeko lehena B taldeko bigarrenaren aurka, eta B taldeko lehena A taldeko bigarrenaren aurka.
- Finala:
- 18:45. Finalaurrekoetako irabazleak.













