Palestina Eguna antolatu dute etzi Lazkaon genozidioa salatzeko asmoz
Egun osoan zehar ekintza ezberdinak egongo dira. Lazkaoko eragile eta norbanako asko elkartu dira egun hori aurrera ateratzeko.
Palestinaren aldeko ekimen bat Lazkaon.Lazkao Palestina Palestina Eguna antolatu dute larunbatean Lazkaon. Egitarau zabala osatu dute. Lazkaoko eragile eta norbanako asko elkartu dira egun hori aurrera ateratzeko.
Palestinaren aurka Israel Estatua gauzatzen ari den genozidioa «salatzea», herriko eragileekin batera elkartasun «sarea» osatzea eta lazkaotarren Palestinarekiko sentsibilizazioa, elkartasuna eta laguntza «dinamizatzea» dituela helburu azaldu du Palestinaren aldeko taldeak: «Egun honen helburuak bat egiten du gure taldearenarekin».
Lazkaoko eragile eta norbanako ezberdinek bat egin dute elkartasun egun hori aurrera eramateko. Lazkao-Palestina herri ekimenaz gain talde hauek egin dute bat ekimenarekin: Oin Arin dantza taldea, Lazkao Txiki musika eskola, Ikastola, Maizpide, EH Bildu, Sortu, Gazte Asanblada, Kimu taldea, Gerriko elkartea, Konpartsak, JTK, batukada, Talde feminista, Lazkao Anitza, Bakuntza, Antzar korrikalariak eta Lazkaoko Udalak. Denei «eskerrak» eman dizkie Lazkao Palestina taldeak.
Eguneko ekintzak
Palestina egunari kale animazioarekin emango diote hasiera, 11:00etan. Ondoren, Palestinari buruzko ipuin kontaketa izango da lazkaotarren eskutik, 12:00etan. Falafel pintxoak dastatzeko aukera egongo da, 12:30ean. Palestinar dantzen Watani taldeak eta Oin Arinek ikuskizuna eskainiko dute, 13:00etan. Goizeko ekintzei dagokienez Palestinaren inguruko hitzaldia izango da azkena, 13:45ean.
Herri bazkariarekin jarraituko dute eguna plazan, 14:30ean. Bazkarirako tiketak Gerrikon, Herrikon eta TPT tabernan daude eskuragarri. Langileenak 20 euro balio ditu, eta ikasle edo langabeenak 15 euro.
Bazkalostean Ahmed eta Nur abeslari palestinarren kontzertua izango da, Lazkaoko musika eskolaren eta Leire Agirreren parte hartzearekin batera, 16:30ean. JTK taldeko talogileak 19:00etatik aurrera arituko dira lanean. Erdoyik P talde lazkaotarraren kontzertuarekin amaituko dira eguneko ekintzak; 20:00etan hasiko da.
Lazkao Palestina taldea
2025eko irailean sortu zen Lazkao Palestina Herri Ekimena. 2023ko urritik «72.600dik» gora hildako eta «172.000tik» gora zauritu daudela Gazan salatu du Palestinaren aldeko taldeak. «Laguntza humanitarioa, sendagaiak eta elikagaiak sartzea ere blokeatu dute».
Herri ekimenak uste du genozidioaren aurkako jarrera «orokorra» dela. Horregatik, lazkaotarrei eta, oro har, goierritarrei «deialdia» luzatzen diete: «Gure maitasun oihuak ozen irits daitezen Palestinara».
“Gure maitasun oihuak ozen irits daitezen Palestinara”
Lazkao-Palestina Herri Ekimena













