Santa Ana jaietako kartela aukeratzeko lehiaketari ekin diote
Kartelak aurkezteko azken eguna ekainaren 24a izango da, 12:00etan. Bi kategoria banatuko dira: 18 urtetik gorakoak eta 18 urtetik beherakoak.
Gaur aurkeztu dute ekimena. Ordiziako Udala Ordiziako Udalak Santa Ana jaiak iragartzeko kartel lehiaketa zabaldu berri du. Jaiak iragartzeko kartelaz gain, etxebizitzetara banatuko diren programen azala ere izango da irabazlea. Iazko arrakasta ikusita, aurten ere haurrentzako kategoria jarriko da martxan, eta irabazle izateko aukera edukitzeaz gain, haurrek egindako irudi bat programan txertatuta egongo da.
Nahi duen pertsona orok parte har dezake eta egile bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahal izango dituzte. Bi kategoria banatuko dira: 18 urtetik gorakoak eta 18 urtetik beherakoak.
Kartelak aurkezteko azken eguna ekainaren 24a izango da, 12:00etan, eta bide ezberdinen bidez egin ahal izango da: bertsio digitalean, posta elektronikoz kultura@ordizia.eus helbidera bidalita edo Udaleko Harrera Bulegoan CD batean aurkeztuta, eta bertsio fisikoan, udaletxeko Harrera Bulegora joanda, 08:00-13:30 ordutegian.
Kontuan hartzekoak
Aurkeztutako lanen irudiak Ordiziako Santa Ana jaiekin zerikusia izan beharko du. “SANTA ANA JAIAK 2026 / ORDIZIA” esaldia ageri beharko da kartel guztietan. Ordiziako logotipoa ere konposizioan integatuta eramango du. Ideiei dagokienez, ez dira pertsonen aurako edozein eratako errespetu falta erakusten duten jarrerarik onartuko. Generoen irudikapenean erabilitako irudiek oreka bilatuko dute, rol eta estereotipo tradizionalak azpimarratu gabe, eta sexu, arraza, adin, kultura edo sexu-aukeraren arloan diferentzien tratamendu gutxiesgarria ekidinez.
Tamainari dagokionean, kartelak 60 zm-ko altuera eta 42 zm-ko zabalera izan beharko dute. Kolorea eta teknika aukerakoa da, baina derrigorrez lanaren bertsio digitala (JPG formatuan – erresoluzio onarekin) aurkeztu beharko dute, nahiz eta bertsio fisikoan aurkezteko aukera ere baduten.
Sariak
Helduen kategoriako irabazleak 500 euroko saria jasoko du (18 urtez azpikoa bada guraso edo arduradun baten izenean jaso ahalko da). Haurren kategoriako lan bat hautatua izango da programa barnean txertatuta joateko, eta lan horrek 100 euroko bonua eskuratuko du.
Epaimahaiaren iritziz, baldin eta aurkeztutako lanen artean saria jasotzeko adina kalitate duenik ez badago, lehiaketa huts deklaratu ahal izango du. Hala balitz, epaimahaiak kartela edozein artista edo inprentari zuzenean enkargatzeko aukera izango du. Honako hauek osatuko dute aurtengo epaimahaia: Udaleko komunikazio eta parte hartze zinegotziak, kultura zinegotziak, berdintasun eta aniztasun zinegotziak, kultura eta berdintasun teknikariak eta Altarte elkarteko kide batek.













