‘Errepresioaren Bilduma Lazkaon’ lanketa egin dute
Patxi Madariaga izan da bildumaren proiektua gidatu duena. Lazkaoko herritarren 160 testigantza jaso dituzte. Beneditarren artxiboan gorde dute, eta edonork ikusi dezake.
Patxi Madariaga 'Errepresioaren Bilduma Lazkaon' lanaren egilea. Manex Usarralde Errepresioaren Bilduma Lazkaon lana aurkeztu zuten maiatzaren 19an, 2022an hasitako lanaren emaitza. Proiektua gidatu duen Patxi Madariagaren esanetan, «lan astuna izan da».
Lazkaon «200» errepresio kasutik gora daudela adierazi du Madariagak. Proiektuan «Lazkaorekin loturaren bat duen ororen testigantzak biltzen aritu gara, gustatu ala ez, gertatu delako», nabarmendu du: «Fusilatuak; atxilotu eta kartzelatik pasa direnak edo, gero, pasa ez direnak; isunak jaso dituztenak eta gehiago hartu ditugu kontuan».
Aurretik ere, horrelako «lanketa» egiteko asmoa egon zen, baina lan karga «handiagatik» bertan behera gelditu zela gaineratu du Madariagak: «Hasi nintzenean 35 pertsonako zerrenda bat zegoen errepresio kasuen inguruan». Hortik tiraka hasita «200» kasu eta «160» kontakizun inguru biltzen dituen bilduma egitea lortu dutela azaldu du proiektuaren gidariak.
Bilduman 1930. urtetik gaur egun arte, «hamarkadaka» ordenatu dituzte: «Momentuko egoera politiko-soziala azalduta, eta kasuen dokumentazio guztia dago». Zortzi-bat karpetako bilduma dela berretsi du.
Madariagaren kontaketa
Errepresioaren inguruko lanketa egiten hasi zenean, lehenik eta behin, Madariagak berak bere esperientzia gogoratu zuela adierazi du: «Ez nekienez nondik heldu, lanketa nire buruarekin egin nuen lehenik».
«Ez nekienez nondik heldu, lanketa nire buruarekin egin nuen lehenik»
Patxi Madariaga. Bildumaren egilea
Madariagak bi urte igaro zituen kartzelan eta dokumentazio asko «gordeta» zuela adierazi du: «Sententzia, kartzelako gutunak eta bestelako dokumentazio guztia». Hala ere, ingurukoekin elkartu zen zeukaten informazioa elkarbanatzeko helburuarekin. «Kartzelatik irten eta lehen bazkariko faktura ere aurkitu nuen», azaldu du.
Lanaren eboluzioa
Beraz, lehenengo bere buruarekin «proba» eginda hasi zen Madariaga errepresioa jasandakoen «zerrendako» beste pertsonengana joaten: «Fitxa bat prestatu nuen jakin nahi nituen galderekin».
Gai «sakonak» direnez, jendea apur bat «zirikatu» behar izan duela ere aipatu du. Kartzelan egon zirela esaten bazioten Madariaga ez zen hor «gelditzen», gehitu duenez: «Esperientzia horien inguruan xehetasun gehiago eskatzen nizkien». Prozesu hori egiten bi urte eta erdi eman zituela baieztatu du. Galdeketez gain Lazkaoko udaletxeko artxiboan ere «orduak» igaro ditu Madariagak. «Bigarren errepublika garaitik gaur egun bitarteko eguneko gai-zerrenda guztiak banan-banan begiratu ditut».
Bilduma Beneditarretan
Bilduma Beneditarren artxiboan gorde dute, «edonork ikusi dezake bertan». Bildumaren hasierako asmoa liburu bat idaztekoa bazen ere, horretarako «zailtasunak» daudela aitortu du Madariagak: «Datu pertsonalak babesteko legeak informazio hori jende horren baimen idatzirik eta sinaturik gabe ez du erabiltzea ahalbidetzen». Ikustera doan orok «kontutan» izatea esan du Madariagak.













