Goierri Raid orientazio proba Idiazabalen jokatuko da lehenengoz
Larunbat honetan izango da, 9:00etatik aurrera. Parte hartzaileek zortzi orduko epea dute proba burutzeko. Dagoeneko 74 lagunek eman dute parte hartzeko izena.
Goierri Raid proba Idiazabalgo eta Gipuzkoako eta Arabako Partzoneriaren lurretan egingo da. Hitza Goierri Raid orientazio proba jokatuko da lehenengoz larunbat honetan, Idiazabalen. Abentura, kirola, natura eta talde lana uztartuko dituen proba izango da. Mapa baten laguntzaz, eta bidean dauden balizak jarraituz, parte hartzaileek kirol-diziplina anitzetan aritu beharko dute: trekking-a, mendi bizikleta, eskalada eta rappela, slackline edo pump track-a. Dagoeneko 74 pertsonek eman dute parte hartzeko izena eta 2 edo 3 laguneko taldetan banatuta arituko dira.
Aritz Ugarte idiazabaldarra dago probaren atzean, bera bezala, raid probetan zaletuak diren Ordiziako eta Zarauzko bi lagunekin batera. «Orain 15 bat urte Iparraldeko Liga jokatzen zen eta Euskal Herrian eta Errioxan hainbat raid proba antolatzen ziren. Pandemiaren ondoren, proba asko egiteari utzi zitzaion; azkenean, ia desgertzeraino», kontatu du Ugartek. Hain zuzen, Iparraldeko Liga berpizteko helburuarekin antolatu dute Idiazabalgo proba eta datozen urteetan jarraipena eman nahi diote beste proba batzuk antolatuz.
Gaur egun, Euskal Herrian ez dago aukera askorik, «Idiazabalen antolatzen ari garen hau, eta urriaren 17an Arratian (Bizkaia) jokatuko den beste bat bakarrik daude», zehaztu du. Horregatik, proba hauen zaletuek kanpora jo behar izaten dute, «Errioxan, Herrialde Katalanetan, Galizian, Pirinioetan edo Frantzian antolatzen dituzte batez ere», dio.
Zortzi ordu
Ugarteren iritziz, «kirola gustatzea eta naturaz gozatzea» dira orientazio proba honetan parte hartzeko baldintza nagusiak, «ez dago kirolean aritua izan beharrik parte hartzeko», azpimarratu du. Idiazabalgo plazatik abiatuko dira 9:00etan, eta zortzi orduko epe muga igarota, 17:00etarako egon beharko dute guztiek helmugan beranduenera jota.
Proba Idiazabalgo eta Gipuzkoa eta Arabako Partzoneriako lurretan barrena gauzatuko da. Guztira 45 eta 50 baliza artean jarriko dituzte, baina derrigorrez pasatu beharrekoak 10 eta 15 artean izango dira. Hori bai, gero eta baliza gehiagotatik pasa, orduan eta puntuazio handiagoa lortuko dute parte hartzaileek azkeneko emaitzan.
Ugartek azaldutakoaren arabera, Idiazabalgo proba lau sekzio edo ataletan banatuko da. Trekkinga eta mendi bizikleta uztartuko dituzte eta azkeneko bi sekzioetan proba bereziak ere egin beharko dira: eskalada eta rappela edo slackline edo pump track-a. Lehenengo aldiz parte hartuko dutenentzako proba egokia dela aurreratu du, «zailtasunik gabekoa» izango delako eta «mendian egun pasa polit bat egin eta ibilbideak Idiazabalgo eta partzoneriako inguruak ondo ezagutzeko aukera» ematen duelako.
Parte hartzaileen muga 150 lagunetan ezarrita bazuten ere, gustura daude jasotako erantzunarekin. Antolatzaileek aurreratu dutenez, dutxa zerbitzua egongo da kiroldegian, baita jatekoa ere. Autoentzako eta autokarabanentzako aparkalekuak ere egokituko dituzte herrian.
















